«Aurten aguantatzea tokatzen da»
Beñardo Kortabarriak bigarren agintaldia du jaioterriko alkatetzan. Urte ona gauzatzeko asmoz ekin zioten 2020ari, eta ari ziren, covid-19ak guztia hankaz gora jarri zuen arte; asteburuan ospatu beharreko jaiak ere bai. Mairuaren Alardea da ekitaldi nagusia, baina beste jarduera batzuen falta ere sumatuko du agintariak.

Lehen aldia al da jairik gabe Antzuolan? Ni bizi naizenetik, bai; eta 58 urte dauzkat... Uste dut gerra garaian ez zirela egin, eta harrezkero, beti.
Nork esango luke birus batek halako erabakia ekarriko zuenik...
Inork ere ez. Iazko urtea exekuzio aldetik ikusgarria izan zen eta aurten hobeto gindoazen. Honekin, egoera dezente aldatu da. Apirilean jai batzordeko bilerak egiten hasi ginenean erabaki genuen ezin zirela ohiko jaiak egin, baina gure borondatea da egin daitekeena egiten saiatzea. Adibidez, San Isidro jaietan bertso saio bat genuen. Hamabost egunera, kalean ibiltzea posible zenean, egin genuen, egoerara egokituta. Kamioi batera igo genituen Amuriza, Lujanbio eta Gaztelumendi eta herriko auzoetara joan ginen megafoniarekin.
Festarik ez, baina jarduerak, bai.
Jaietako lau egun horietan ekimenak pilatu beharrean, uda guztia hartuko duen egitarau zabal bat dugu. Santiago egunean dantza ikuskizun bat egingo dugu, eta abuztuan, asteburuero zinema emanaldiak. Ez dakigu atari zabalean edo aretoan, baina edukiera kontrolatuta, sarrerarekin, modu seguru batean. Iraila bueltan gazteentzako kontzerturen bat antolatzea ere badugu buruan.
Zer gorde duzue asteburu honetarako?
Zapatuan txistularien kalejira izango da, eta ondoren, urtero etortzen den Berako Bandarena. Aurten auzoz auzo joango da. Iluntzean, bakarlari antzuolar batek kontzertua emango du, eta gero, Ruper Ordorikak. Igandean, berriz, goizean, jubilatu elkartean salda eta pintxoa emango dute; eta arratsaldean, umeentzako antzezlan mutua. Gauza sinboliko batzuk ere egingo ditugu: zapatuan 10:00etan kanoia sutuko da, eta 19:00etan berriro alardeari erreferentzia eginez. Txistulariek Mairuaren Alardeko musika jo ohi dute, eta oraingoan, alardeko kapitaina eta mairua irudikatzen dituzten buruhandiek dantza egingo dute.
Zein ekitaldi botako duzu faltan?
Asko. Urtero zaharrei egiten diegun omenalditxo hori, zapia ipintzea, pare bat musu eta lore sorta ematea... asko gustatzen zait. Geuk dantza egiten dugun momentua, batere ez. Hala ere, nahiago nuke dantza egin eta gauzak normal egotea. Alardea kanpoko jendearentzat erreferentzia da; guk urte askotan ikusi eta parte hartu dugunez, ez digu horrenbeste esaten.
Antzuolarrek nola hartu dute erabakia?
Natural. Giroa nolakoa den ikusi besterik ez dago... Jai batzordean herriko elkarte denak daude eta aho batez onartu zuten ezin zela betiko jairik egin. Gure mezua da: jairik ez da eta pena handiz. Uste dut herritarrek barneratuta dutela, aurten aguantatzea tokatzen da.
Herriko festak jendetsuak izan ohi dira; kezkatuta al zaude beste herrietan gertatutakoa ikusita?
Jendea gaizki pasatzen ari da eta ez dugu Antzuola halako egoera batean ikusi nahi. Saiatu gara propaganda gutxi egiten eta, ostalariekin hitz eginda, ez dugu ordutegia zabalduko. Beste herrietan ikusi dugu goizaldera arte ipiniz gero kanpoko jende asko joaten dela, nahiz eta ezer ez antolatu. Aurten ez da jairik, orduan, jendea ez etortzeko. Benetan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
