Entrevista
ALAITZ ZURUTUZA
POTTOKA TABERNA (ORDIZIA)

«Jendea beldurtuta dagoela nabari da»

Normaltasun berrira egokitzen hasi eta berehala birusaren berragertzea izan duzue Ordizian. Nola egin diozue aurre egoera berri eta konplikatu horri?

Maiatzaren 12an taberna berrireki ondoren, lanera bueltatu ginen langile guztiok, baina azken asteetako gertakarien ondorioz, ziurgabetasun handia sufritu behar izan dugu; oraindik ez dakigu etorkizun hurbilak zer ekarriko digun. Gainontzean, ez dugu arazo berezirik izan taberna berriz zabaltzeko orduan. Egia da zenbait neurri hartu behar izan ditugula segurtasuna mantentze aldera, baina buruhauste handirik ez dugu izan zentzu horretan.

Zeintzuk dira Ordizian ezarri diren neurriak, eta nola uste duzu eragingo dutela herriko ostalaritza sektorean, herriko jairik gabeko uda honetan?

Tabernariok aurreko faseetan izan genituen zenbait neurri hartu behar izan ditugu; hala nola, aforoak mugatzea, bezeroak mahaietan eserita egon behar izatea eta tabernetako ordutegiak mugatzea. Zentzu horretan, onartu behar dugu nahiko arduratuta gaudela; izan ere, aurretik bizitako egoerara bueltatzea ez da inorentzat gustukoa. Azkenaldian herrian gertatzen ari denaren ondorioz, jendea beldurtuta dagoela nabari da, eta horrek tabernarioi zuzen-zuzenean eragiten digu, tamalez. Taberna berriz itxi behar izatea hondamendia litzateke, zalantzarik gabe.

Azken hilabete hauetan gertatutakoak gertatuta, nola baloratzen duzue Ordiziako Udalarekin izan duzuen hartu-emana?

Oro har, positiboki baloratzen dugu. Denbora honetan guztian hainbatetan elkartu gara udal ordezkariekin eta edozertan laguntzeko prestasuna azaldu digute beti. Besteak beste, laguntza ekonomikoa eskaini digute eta terrazaren eremua handitzeko aukera eman digute. Terrazaren eta zaborren tasak ere kendu dizkigute. Beraz, orain arte beraiekin izan dugun harremana egokia izan dela onartu behar dugu.