Oihane Zabaleta
Tokiko garapeneko teknikaria
JOPUNTUA

Daltonismo politikoa

Egungo berragerraldiekin, pandemiaren bigarren olatuaren hasieran egon gaitezkeela diote. Osasunerako dugun eskubide kolektiboa babesteko, gure eskubide indibidualak erantzukizun kolektiboekin orekatzeko malabar joko hau ez da batere erraza izaten ari. “Erantzukizun” kontzeptuarekin herritarrok daukagun arazorik handiena, ohiko legezko esanahiarekin lotzea da; erruduna nor den ardatz gisa hartzea, hain zuzen ere. “Errua norena da?” galdetzetik, “Zer egin behar dugu?” erantzukizun mota prospektiboagoa eta beharrezkoagoa izan daiteke arazoari heldu eta dagoeneko bizitzen ari garen krisiaren ondorioei aurre egiteko. Max Weberren erantzukizunaren etikaren ideia oinarritzat hartuta, badakigu asmo onez jokatzea ez dela nahikoa izaten. Gure ekintzak eraginkorrak izateko, aurrez, jarduteko modurik eraginkorrenak ere aztertu eta ikertu beharko ditugu. Laburbilduz, eta utopikoa badirudi ere, herritarron %100ak erantzukizun osoz, egungo neurri guztiak beteta ere, estrategia berritzaileagorik gabe, epe ertaineko bisio argiagorik gabe, ez dago bermatzerik bigarren itxialdirik izango ez dugunik.

Beraz, betebehar guztiak aintzat hartuta ere, eskubidea dugu jakiteko zenbat inbertitu den lehen mailako zerbitzu, laguntza eta baliabideetan. Erizain, mediku, garbitzaile, arakatzaile eta ikerlari kopurua handitu al duen gobernuak. Jakin nahi dugu, datu zientifikoak eskuan, zergatik den arriskutsuagoa segurtasun distantzia mantenduz, aire zabaleko kontzertu batera joatea, metroa edo Loiun hegazkin bat hartzea baino. Ba al daukagu jakiterik udaleku publikoak etenda, pribatuek aurrera egiteko, azken horien erantzukizun baremoak nola neurtzen diren? Enpresa lehiakorren erantzukidetasun indizea lurraldearekiko eta kaleratzear dauzkan langileekiko? Ba al daukagu eskubiderik jakiteko Jaurlaritzak Europako pandemiaren osteko susperraldi planean zer proposatuko duen? Erantzukidetasun kolektibo eta sozialean eragiteko, eremu publiko, sozial eta pribatuaren artean marra gorri eta berdeak bereizteko estrategia lantzeko eskubiderik ba al dugu? Bide batez, gaurko egunez zendu zen John Daltonen omenez, daltonismoari aurre egiten hasteko abagune ederra ere izan daiteke.