Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Badaezpadakoak

Etxetik kanpo egun batzuk pasa behar eta maleta egoki egiteak badu bere konplikazioa. Lagun batek irakatsi zidan ezer sartzen hasi aurretik orri batean beharrezkoa dena idazten eta, ondoren, ahalik eta zuzen eta estuen gauza guztiak sartzen. Maleta txikienarekin ere moldatzen da bera eta inoiz ez zaio premiazko ezer falta. Haren eredua jarraitzen dut nik, baina bere erara maleta egindakoan, beti topatzen dut badaezpadakoentzat tokiren bat. Badakit ia seguru ez ditudala erabiliko, etxera bueltan bere horretan ekarriko ditudala,  bazter batean zimur-zimur eginda, baina ez dute toki handirik hartzen eta... beharko banitu?

Badaezpadakoekin segurtasuna sentitzen dugunontzat etxe aldaketa amesgaiztoa da. Izan ere, erabiltzekotan gordetako gauza horiek guztiak berriz ere ohearen gainean jarri eta inoiz erabiliko ote dituzun pentsatzeko trantze horretan jarri behar duzu. Oroitzapenen bat zekartelako gordetako objektuak atondu behar direnean, prozesua are nekagarriagoa da. Lehenik eta behin, zergatik gorde zenituen gogoratu behar da; ondoren, konturatzen zara denboraren joanean haiek pizten zituzten sentimenduak ez direla berdinak, moldatu egin direla eta gozoak zirenak garraztu direla, edota, ez hotz eta ez bero, ez duzula haiek ikusitakoan ezer sentitzen, edo bai. Objektuek iragana denboran zehar eramateko gaitasuna dutela pentsatu izan dut, eta horregatik gorde ditut nik ez dakit zenbat traste. Parrandetan erabilitako edalontzi berrerabilgarriak topatu ditut, pegatinak, lanean hasi eta erosi nuen lehen grabagailua, koadernoak, ikasle garaiko liburu eta oharrak, zenbait arropa, argazki asko...

Objektu horietako batzuk ikusitakoan  barre asko egin dut, batzuek zer pentsa eragin didate, beste batzuekin lotsa sentitu dut, eta nahi ez nituen kontuak berritu dizkidate bakan batzuek. Oroitzapenak, noski, ez daude objektuetan, eroso sentitzeko gure nahi eta moldera berritzen eta osatzen dugu-eta gogoratu nahi dugun hori. Oroimen hura, gerora bizitakoarekin dago lotua eta sentipen horiek ezin dira kaxetan jaso, buruan eta urdailean bizi eta gordetzen dira. Baina, total, zirrikitu honetan kabitzen da eta... badaezpada.