Kepa Korta
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Koma

Hogeita bi egun koman, berrogeita bost ospitalean, laurogeita hamahiru bajan. Hori esan digu Ferran izena duen taxi-gidariak.

Ez omen zuen ageriko sintomarik. Halako neke gor bat-edo, baina ez sukarrik, ez eztulik, ez usain edo gustu gabeziarik; ezer apartekorik ez, nekeaz beste. Hemeretzi urteko semea izan zen susmo txarra hartu eta medikuari hots egin ziona. Anbulantziak jaso zuenean ere ez zuen Ferranek ezer txar-txarrik sumatzen. Eta bat-batean itzali egin zen.

Koma amesgaiztoz betea omen dago. Eta ametsik gabeko loaz ere bai, agian. Azken hori gogoratzerik ez dago, hala ere. Amets eder edo lasairik batere ez, hori seguru. Ametsa errealitatea ez dela, amesgaiztoa besterik ez dela dioen kontzientziaren gaztigu-izpi salbatzaile horren arrastorik ere ez. Latza oso. Latzak oso koma-egunak, eta latza esnatzea bera ere. Ezin duzu mugitu, ezin duzu hitz egin. Trakeotomia egin dizute. Lasai, lehengora itzul zaitezke, kaka zaharra; beldurra, negarra.

Hamabi orduko txandak dauzkan erizainak esponja bereziak prestatzen dizkizu etxean, zuk ahoan zauririk ez izateko. Bitartean, bere senarrari eta semeari ez diete lorategi eta piszina komunitarioa erabiltzen uzten iluntzeko zortzietan txalo jotzera irteten diren auzokoek. Egin ezazu oinez ibiliko bazina bezala, esaten dizu fisioak, besapetik helduta airean zaramatzanean. Egunero prestatzen dizute bideokonferentzia etxekoekin. Alferrik. Ezin duzu zure ahotsa entzunarazi. Erizainak egiten ditu interprete lanak.

Lanean hasi berria da. Gauzak ez dira errazak. Gobernuek ez dituzte errazten. Bidaiari erdiak baino ezin ditu taxian hartu. Gidariaren eserlekua ere libre utzi behar dela esaten omen du, hitzez hitz, argitaratutako arauak. Birusak ez, gobernuek hilko gaituzte lehenago, martxa honetan.

Seiehun eta hogei mila kilometrotik gora markatzen du Mercedestzarraren kontagailuak. Bidaiariei Ferranek ez die futbolari edo eguraldiari buruz, edo procésari buruz hitz egingo bolada batean.

22 egun koman, 45 ospitalean, 93 bajan. Puntu eta amaituren ordez, puntu eta jarrai idatzi dio bizitzari.