Idoia ERASO

RAMIRO ARRUEREN OBRAREN BALIOAK GORA EGIN DU ENKANTEETAN

Ramiro Arrue XX. mendeko margolari bilbotarraren obren prezioek gora egiten segitzen dute. Uztailean «La fête du village» 74.000 euroan saldu zen. Gaur, «Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge» obra «ezezagun» eta «berezia» jarriko da enkantean.

Bilbon artista familia batean sortu zen Ramiro Arrue, eta Donibane Lohizunen hil zen, bakarrik eta txiro. Aurretik, baina, bere margo eta irudiei esker garai loriatsua bizi izan zuen, Euskal Herrian eta nazioartean bere lanek aitortza handia izan baitzuten. Garai goren horretan margotutako obra da gaur Donibane Lohizunen salgai jarriko den “Fête au Pays Basque avec danseur au gilet rouge”. 100.000 eta 150.000 euro arteko balioa ezarri zaio hasiera batean, baina, lehenago gertatu izan den bezala, prezio horretatik gora egitea ez da baztertu behar.

Euskal Herria izan zen Arrueren inspirazio iturria. Era figuratiboan aurkezten zuen gure herria eta gaur enkantean jarriko den olio-pinturak ere ezaugarri hori betetzen du. Tamaina ederreko obra da (90x301 zentimetro), 1934an egindakoa, margolariaren garai gorenean, eta enkantean ere prezio “handia” lortzea espero da. Obraren ezaugarriak kontuan harturik, eta iaz 31x34 zentimetroko taula txiki bat 82.000 euroan saldu zela jakinik, aurreikusitako prezioan saltzea inolako arazorik gabe lortuko dela pentsa daiteke.

Gaur Côte Basque Enchères etxeak enkantean jarriko duen margolana «ezezagun» gisa definitu daiteke. Izendapen hori, Arrueri buruz idatzitako erreferentziazko obretan edo egindako erakusketetan agertzen ez delako eman dakioke, baina Donibane Lohitzuneko Maitena trinketean ibiltzeko ohitura zuten bezeroen artean oso ezaguna da. Izan ere, artistak margotu zuenetik 1985era arte, bere tamaina ikusgarriarekin, denen ikusgai, jarrita egon zen trinketeko jatetxearen erdian. Garaiko jabeen familiak jarri du salgai, bere kontserbazioa segurtatzeko baliabiderik ez daukalako.

Margolanak artistaren bizitzarekin duen loturari begiratuta ere, lan «berezia» dela gaineratu daiteke. Bilbon 1892n jaioa, margolari, ilustratzaile eta dekoratzailea 1917an joan zen bizitzera Donibane Lohitzunera; gerrek eta bestelako egoerek bertatik mugitzera bultzatu bazuten ere, bizitoki ofizial izan zuen Lapurdiko kostaldeko herria, eta bertan hil zen 1971n, dirurik gabe eta alargun. Enkantean salduko den olio-pintura trinketaren inauguraziorako margotu zuen 1934an, eta, bere bizitzako azken urteetan, lanari begira jaten zuen bakarrik, Herriko Etxeak ematen zizkion janari bonuak Maitena trinketean baliatzen baitzituen Arruek.

Sorpresa handia

Arrueren obrari loturik gertatu den sorpresa handiena 2017an eman zen, “La Mère” koadroa 243.000 euroan saldu zenean, 50.000 eta 80.000 euro artean balioztatuta zegoenean. 2019ko apirilaren 27an Getarian eta biharamunean Donibane Lohizunen, margolari bilbotarraren bi obra jarri zituzten enkantean. “Les Grands Pelotaris” margoa 90.000 euroan saldu zen lehenik, eta, ondoren, Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako erosle batzuek 31x34 zentimetroko taula bat 82.000 euroan erosi zuten.

Azken salmenta publikoak duela hiru aste egin ziren Biarritzen. Bertan “La Fête du village” olio-pintura saldu zen; 60.000 eta 80.000 euro artean zegoen balioztatuta, eta 74.000 euroan saldu zen. Enkante berean, 22x27 zentimetroko kartoi gaineko olio-pintura bat 8.000 euroan saldu zen.

Baionako Euskal Museoko sortzaileetako bat izan zen Arrue 1922an, Philippe Veyrin eta William Boisselekin batera. Bertako bilduman, bere hamarnaka margo, marrazki eta afixa badira, eta egun bilbotarraren hainbat obra ikusgai daude; “Famille de pêcheurs et paysans” eta “Fandango” edo “Dantzari” museoko erreferenteetako batzuk dira. Erakundeko liburutegian, beste artistekin batera egin zituen lanak ere kontsulta daitezke, lagun zituen idazle ezagunen testuetarako egindako ilustrazioak eta afixak kasu. Baionatik kanpo ere, bere lanak toki anitzetan ikus daitezke. Bilduma pribatu ugarietan ez ezik, Bilboko, Gasteizko, Paueko eta Genevako zenbait museotan ere bere obrak dauzkate ikusgai. Bergarako Telesforo Monzon Fundazioak ere baditu hainbat lan.

Hala ere, artista bilbotarraren lana ezagutzeko tokirik hoberena Mediterraneo aldean dago: Monako ondoan dagoen Ramiro Arrue Museoan, hain zuzen ere. Arrueren obra gehien dituen museoa da. Michel Gramaglia Arrueren obrak erosten hasi zen Karmele Lemoniz emazte getxoztarrarentzat, eta, 2014ean, euskal artistari eskainitako museoa irekitzea erabaki zuen. Bertan, 150 eta 180 pieza inguru daude ikusgai gaur egun.