Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

«36 urtean lehen aldiz», bertan behera geratu da Herri Urrats

Maiatzaren 10ean egitekoa zen Herri Urrats besta irailaren 20ra atzeratu zuten, baina «egoera sanitarioa berriz okertzen ari dela ikusirik» 5.000 pertsonarentzat antolatu nahi zuten «Herri Urrats tipia» ere bertan behera uztea erabaki du Seaskak. Hiriburuko eskola publikoan murgiltze eredua debekatzea, bestalde, eraso larritzat jo du.

Aurten ez da Herri Urratsik izango. «Pena handiz hartutako erabakia» dela aitortu zuten atzo Seaskako ordezkariek, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Telliturekin Kanbon egin zuten agerraldian.

Euskal Herri osoan ikastolen alde egiten diren ekitaldiak bertan behera utzi izanaren zergatia argitu eta etorkizun hurbilean dituzten erronken berri eman zuten. Frantziako Hezkuntza Ministerioak murgiltze eredua ezabatzeko egin dituen urratsak ere hizpide izan zituzten. Beñat Bidegainek eta Ihintza Bidartek, Herri Urratseko zuzendariak eta koordinatzaileak, azaldu zutenez, irailaren 20an 5.000 pertsonarentzat antolatu nahi zuten ekitaldia antolatzea inork ez die debekatu eta Senpereko Herriko Etxeak eskainitako laguntza eskertu zuten. «Egoera sanitarioa berriz okertzen ari dela ikusirik, gaitza Ipar Euskal Herrian zabaltzen ari dela ikusirik, Senpereko Herriko Etxearekin eta sorospen eta segurtasun zerbitzuekin bildu ondoren, erabaki dugu arriskurik ez hartzea, eta Herri Urrats bertan behera uztea, lehen aldiz 36 urtean».

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak jaialdia bertan behera uztea «ikastolentzat sekulako galera» dela onartu zuen, baina bere «erabaki ona hartu dugu, egungo egoeran ez baikenuen besterik egiten ahal».

Epe motzera bestelako buruhausteak ere badituztela jakinarazi zuen Seaskako lehendakariak; izan ere, ikasturte berria hastear da eta Hezkuntza Ministerioak oraindik ez du ikastetxeetan jarraitu beharreko protokoloaren berri eman. Hortaz, ezkor agertu zen Seaskako bozeramailea: «Ez dugu berri onik espero».

Ikasturte berriari begira kezkatuta agertu zen Tellitu ere, baina osasuna eta segurtasuna lehenetsi behar direla adierazi zuen. «Uneotan beste lehentasun batzuk ditugu; laster gure ikasleek ikasgeletara itzuli beharko dute, eta larrialdi egoera hau amaitu bitartean ezingo dugu ospakizunik egin; are gutxiago, ikastolen jaien tamainakorik», eman zuen aditzera Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

«Eraso zuzena»

Bordeleko Errektoretzak uztailean jakinarazi zuen ez zuela onartzen Hiriburuko Eskola Publikoan euskarazko murgiltze sistema ezartzea. Erabaki horrek hautsak harrotu zituen, baina orain arte Seaskak ez du auzi horri buruzko bere iritzia kaleratu. Jorajuriak garbi azaldu zuen atzo erabaki horren larritasuna eta «euskararen kontrako eraso zuzena» dela esan zuen.

Bere aburuz, Hezkuntza arduradunak «ez ditu sekula frantsesaren egoerak kezkatu, euskararen garapena dute oztopatu nahi». Adibide gisa, euskarazko irakasle izateko oposizioak gainditu zituzten bi irakasle Euskal Herritik kanpora bidaltzeko Bordeleko Errektoretzak hartutako erabakia aipatu du.

Gauzak horrela, euskararen aldeko hiru pauso ematera deitu du Seaskak Frantziako Hezkuntza eta, aldi berean, Ipar Euskal Herriko hautetsiak hiru eskaera horiekin bat egitera gonbidatu ditu. Honakoak dira hiru eskaerak: euskara eskola publiko elebakar guztietan eskainia izatea, ama eskola elebidunek murgiltze eredua eskaintzeko aukera izan dezatela, eta azkenik, murgiltze ereduaren ama eskoletako esperimentazioak ezarri diren lekuetan emaitzak hobeak direla frogatu denez, murgiltze ereduaren eskaintza lehen mailako eskola publikoetara zabaltzea.