Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren ortografiak

Nerabeek, beren kasa, ez dute literatura asko irakurtzen, normalean. Ez da erraza gogo onez onartzea eskolako irakasleek behartutako irakurketa Euskara edo Gaztelania gaietan. Bi osagai aurkitu dizkiot, erresistentzia hori apurtzeko, irakurtzen ari naizen liburuari. Kontatzeko moduan hurbiltasuna du eta Euskal Herriko musikaren garairik ospetsuenetarikoaren inguruko pasadizo eta istorioak dakartza. Beraz, Gaztelania ematen duten irakasleek badute materiala nerabeak gustuko irakurketara erakartzeko. Semeak lau egunetan irentsi zituen 150 orrialdeak. Situazionistek 1950eko eta 1960ko hamarkadetan asperdurari eta ikuskizunaren gizarteari aurre egiteko erabili zituzten dérive eta détournement teknika berberak bereganatu ditu idazleak kontakizunari batasuna emateko. Euskal Herriko punkaren historiak gizabanakoen jokabide eta zirrarekin lotzen ditu. Editoreek zuzenketak egiten dizkigute, zutabeotan ere bai. Akats ortografikoen aurkako komando baten bizipenak ageri dira liburuan, eta editoreei oharkabean pasatu zaizkien bi akats ortografiko atzeman dizkiot testuari. Adinak ez dakar belaunaldien arteko talka. Zergatik aldatu behar ditu adinak pentsatzeko moduak? Zergatik ezin da bizi gaztetan genituen ideiekin eta filosofiarekin? Jarrerak adierazten du pentsamenduaren norabidea. Jarrerek inporta dute, eta ekintzek. QR batean batu ditu liburuan agertzen diren abestiak. 37tik bakarra euskaraz. Patxi Irurzunek idatzi du “Tratado de hortografía. Una novela sobre el Rock Radikal Vasco”.