GARA
Eskubaloia

Emma Boadak belauneko lotailu gurutzatua apurtu du

Super Amara Bera Berak jakinarazi duenez, Emma Boadak apurtuta du eskuin belauneko barne lotailu gurutzatua. Halaxe berretsi zuen katalan jokalariari IMQ Zurriolan egin zioten erresonantzia magnetikoak.

Denborarik galdu gabe, abuztuaren 31n egingo diote ebakuntza Boadari Madrilgo Cemtron ospitalean covid-19aren proba gaindituz gero, eta sei hilabete inguru beharko ditu ondoren osatzeko.

Donostiako taldeak prentsa ohar baten bidez azaldu zuenez, Peredaren aurkako lagunartekoan defentsan ari zela okertu zuen belauna Boadak, eta berehala min handia sentitu zuen. Lehen unetik zirudien lesioa benetan larria izan zitekeela eta, zoritxarrez, erresonantziak aurreikuspen okerrenak berretsi zituen –kanpoko lotailua ere kaltetua du–.

Ondorioz, katalana ez da egongo denboraldiaren zati handi batean, eta hutsune nabarmena izango da Imanol Alvarezentzat, Donostiako klubak oso argi adierazi zuelako ez duela ordezko bat fitxatzeko asmorik.