Bielorrusian krisiak eta protestek ez dute etenik, eta Errusia eta Europa ate joka dira
Manifestazioek eta atxiloketek aurrera jarraitzen dute Bielorrusian, eta gero eta gehiago dira Lukaxenko gogor kritikatzen dutenak. Egoera gaiztotuko balitz, Putinek prest du «indar armatuetako erreserbista talde bat» mugaz bestaldera bidaltzeko. Moskuren «injerentzia» salatu du Mendebaldeak, baina EBk Bielorrusiako agintarien aurkako zigorrak adostu ditu.

Bielorrusiako Poliziak 265 pertsona atxilotu ditu azken orduetan Minsken Gobernuaren aurkako protestetan. Horien artean 50 inguru kazetariak ziren. Gehienak aske utzi dituzte ordu batzuetara, baina gutxienez lauk atxilotuta jarraitzen dute poliziei euren mugikorrak ez emateagatik. Atxiloketen helburua irudi eta grabazio guztiak suntsitzea da.
Egunero daude protestak Bielorrusiako hiriburuan, baita beste hiri eta herri batzuetan ere. Aurreko bi asteburuetakoak erraldoiak izan dira Minsken.
Gero eta gehiago dira errepresioaren amaiera eta hauteskunde berriak exijitzen dituztenak. Alexandr Lukaxenkoren aurkako ituna sinatu eta aurkeztu dute 355 kirolarik, tartean Marina Arzamasova atletak, 800 metrotan Munduko eta Europako txapelduna. CSKA Mosku futbol taldeko bielorrusiarrak, Viktor Goncharenko entrenatzailea eta Ilia Shkurin aurrelaria tartean, oso kritiko agertu dira Gobernuaren aurka. BATE Borisov taldeko jokalaria den Anton Sarokaren atxiloketak haserrea eragin du kirolarien artean, batez ere futbol munduan.
Errusiako erreserbistak, prest
Vladimir Putin Errusiako presidentea prest azaldu da indar armatuak Bielorrusiara eramateko «egoera benetan gaiztotuko balitz», baina, bide batez, negoziatzeko deia egin du. Lukaxenkok eskatuta, Putinek «indar armatuetako erreserbista talde bat» eratu du, «baina egoera kontrolpean ez bada soilik erabiliko dugula adostu dugu», azaldu du.
Krimeako penintsulan eraikitako autobidea inauguratzeko egindako bisitan egin zituen adierazpenok Putinek. Hainbati Ukrainiako krisian Krimean agertutako “gizontxo berdeak” etorri zaizkie gogora. Errusiako soldaduak baino ez ziren, penintsularen anexioa gauzatu ahal izateko bidalitakoak.
Putinek nabarmendu zuenez, Errusiak «betebeharrak» ditu Bielorrusiarekin sinatuta dituen itunen ondorioz. Baina alde guztiei irtenbide bat aurkitzeko negozia dezaten dei egin zien, «muturreko eskaerak alde batera utzita». Lukaxenkok boteretik alde egitea baldintza gisa jarrita, hauteskunde berriak negoziatzeko prest da Bielorrusiako oposizioa. Hori bai, gogor gaitzetsi du «Errusiaren injerentzia, nazioarteko eskubidearen aurkakoa eta onartezina delako».
Bien bitartean, Jens Stoltenberg NATOko ordezkari nagusiak Moskuri Bielorrusian «bere atzaparrak sar ez ditzan» exijitu zion atzo. Noiz eta Europar Batasunak (EB) Bielorrusiako hogei agintari ingururi zigorrak ezartzea erabaki zuen egun berean. EBko Kanpo Arazoetarako ministroen bilkurak hartu zuen erabakia atzo bertan, baina oraindik ez du zehaztu Lukaxenko bera zigortutakoen artean dagoen ala ez. Poloniak eta Baltikoko errepublikek Lukaxenko zigortzea nahi dute, baita zerrenda luzatzea ere.
Bielorrusiako presidenteak bere aurka «gerra hibridoa, mediatikoa eta bide batez diplomatikoa» aurrera eramaten ari direla egotzi die Poloniari eta Baltikoko errepublikei. Ildo horretan, Bielorrusia desegingo balitz, gutxiengo poloniarra duen Grodnoko probintzia Poloniak eskuratuko lukeela salatu du. Egoera ikusita, Varsoviak Bielorrusiako enbaxadorea bilera batera deitu du.
Lukaxenko prest azaldu da Konstituzioa erreformatzeko, baina bi baldintzarekin: egungo markoa errespetatzea eta kaleko presiorik gabe egitea. Gainera, oposizioa zatikatu nahian, ikasleekin, «mukizu horiekin», ez duela hitz egingo ohartarazi du. Are, ikasketak tarteko soldadutza egiteko deialdia atzeratu zuten ikasleei mehatxu zuzena egin die: «Ez badute ikasi nahi, Ama Aberria defendatzera!». Langileekin, irakasleekin, medikuekin… negoziatzeko prest da.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
