GARA

Aske gelditu da Gorka Martinez Arkarazo, 17 urte eta gero

Zigorra guztiz agortuta aske gelditu zen atzo goizean goiz Gorka Martinez Arkarazo Galdakaoko presoa, Etxeratek jakinarazi zuenez. Etxetik oso urrun geratu zen aske, Murtzian. 17 urtez izan dute kartzelaratuta.

Martinez Arkarazo 2003. urtean atxilotu zuen Ertzaintzak Zornotzan, Ziortza Fernandez, Aitor Herrera eta Aritza Ferrerorekin batera. “Bizkaia komando”-ko burua izatea egotzi zioten, eta geroztik egon da espetxean.

Galdakaokoa da Gorka Martinez Arkarazo. Azken urteotan preso gehien pilatu duen herrietako bat bilakatu da Galdakao, hamarretik gora hain zuzen. Bertakoa zen Badajozeko espetxean duela hiru urte pasatxo bihotzekoak jota hil zen Kepa del Hoyo ere. Hego Uribe eskualdera zabalduta, hogeiren bat dira oraindik ere kartzelan jarraitzen duten herritarrak.

Galdakaotik 800 kilometro ingurura dago Murtzia I espetxea. Bertan segitzen dute Joxe Mari Novoa eta Joseba Segurola euskal presoek.

Martinez aske geratu ondoren, 230 euskal preso daude oraindik ere Etxeraten zerrendan. Aste honetan hiru lagunek bete dute zigorra, askatasuna berreskuratuz; Portugaleteko Iñaki Alonso (Kordoban geratu zen aske), Iruñeko Txantrea auzoko Mikel Gil Cervera (espetxealdi arinduan eman ditu azken 11 urteak) eta atzo aske geratutako Gorka Martinez Arkarazo.