Ion SALGADO
GASTEIZ
EUSKARALDIA

Izena emateko epea ireki da, ahobizi edo belarriprest izateko aukera

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu zen atzo. Ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, eta hamabost egunez ahobizi edo belarriprest izateko deia egin dute antolatzaileek. Ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazi duten herritar guztiek ere izena eman beharko dute.

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu zen atzo. Epea irekita egongo da azaroaren 19ra arte, eta, duela bi urte egindakoan bezala, herritarrek ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartzeko aukera izango dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialean.

Koordinazio lanetan ari diren eragileek Gasteizen aurkeztu zuten Euskaraldiaren bigarren edizioa. Lehen edizioko parte hartzaileen profila oso anitza izan zen. 16 urtez gorako adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest modura. Aurten ere aniztasun horri eustea izango da xedea, 2018ko ariketa sozialean gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16 eta 30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dutenak.

Gauzak horrela, parte hartzeko dei zabala egin zuten eragile guztiek. Euskaraldiaren lehen edizioan ahobizi eta belarriprest rolak hartu zituzten herritarrak berriz ere izena ematera animatu zituzten. Arrazoi ezberdinengatik 2018an parte hartu ez zutenek ere ateak zabalik dituztela nabarmendu zuten.

Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak nabarmendu zuenez, «herri batzordeak eta ariguneak aktibatuta dauden honetan, herritarrei deia egin nahi diegu belarriprest edo ahobizi modura Euskaraldian parte har dezaten. Lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea nahi dugu, baina kide berriak ere nahi ditugu: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke».

Ere berean, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak duela bi urteko «enpatia eta ilusioa» berreskuratzeko unea heldu dela azaldu zuen. «Begiradak, konplizitatea, sintonia onak… berriz bizitzera goaz. Eta horiek ahalik eta jende gehienera iristea lortu nahi dugu», gaineratu zuen. «Euskararen aldeko jauzia egiteko garaia» dela ere ohartarazi zuen.

«Herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo», azpimarratu zuen.

Covid-19aren eragina

Agerraldian hitza hartu zuten ordezkariek Euskaraldian covid-19ak eragindako pandemiak sortu duen egoerak eragina izango duela nabarmendu zuten. «Azken hilabeteotan pandemiak gogor jo gaitu. Samina eragin du familia askotan, eta denok utzi gaitu pattal samar. Eta une honetan ilusioa behar dugu. Heldulekuak behar ditugu. Estimulu berriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekar diezagukeela», nabarmendu zuen Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.