Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Plazan ahoa bizi, Lakuan belarriak prest?

Uda-azkena berotsu dator, berotze globalaren eraginaz aparte etorri ere. Bertan ditu kausak, urrunera joan gabe, Lakuako gobernuan ez baita giro! Ez, eta momentuz buelta ere ez, etengabeko tourrean ari baita errotondan. Horra Osakidetzako eta Hezkuntzako langileak plazetan, protesta proposatzaileak ahoan bizi. «Honaino heldu» direla dute hor esana besteen osasuna lanbide hartu dutenek, behar besteko baliabideak eta behar bezalako baliagaiak behar dituztela… Eta erantzuna Lakuatik? Ez, ez dela momentua protestarako! Ez ote zuen Eusko Alderdi Jaurlaritzak kanpainan eskatu “Zutik!” egoteko? Bada, hortxe ditu langileok, zutik, eraikinen aurrean. Noiz da unea gabeziak salatzeko? Milioiko galdera jelkideentzat… Besteei pasa ez egiteko esan eta eurak motz geratu!

Are gehiago, pilotariak eta aizkolariak ere bizi! Aizkoraz mahaian jo eta pilota biziak enpresen teilatura. Horiek bai «ahobizi» jokatu! Hortaz, euskara gehiago ibili da Zinemaldian kanpotar batzuen ahoan sailburu batzuenean baino. Tira, harira! Egia da bestelako jarrera atzeman daitekeela sailburu batzuen aldetik. Hau ez da premisa, ebidentzia da; ikusi baino ez dago Hezkuntzako greba izan berri denean Jaurlaritzak emandako datuak; inoizko alderik txikiena izan da batzuek eta besteek emandako portzentajeen artean!

BPGa izaten ari den erorikoa datorren urtearen amaieran- edo berreskuratua izango ei da. Baikor halakoak! Hara non Donostialdeko metrorako tunela zabaltzen hasi eta zer topatu? Harea eta ura! Non eta hondartza ondoan! Ama, ama, Bilduk apropos utzita, seguru asko! Horra, ahobizi eta belarriprest berriro gurean. Jaurlaritzak nahiago belarriprest-ak ahobizi-ak baino, egunero ikusi bezala. Belarriprest, bai, musukoa eramateko ezinbesteko heldulekuak baitira belarriak, eta gainera mutu geratuta, bada primeran! Oasikide 4.0!