Asier AIESTARAN
PILOTA

Aspeko pilotariak ere «oso kezkatuta» agertu dira

«Bidezko konponbide bat» eskatu dute Baikon bizi den gatazkarentzat.

Pilota munduko hainbat eragilek aurrez egin bezalaxe, Aspeko pilotariek ere ohar bat kaleratu zuten atzo, Baikon bizi duten gatazkari amaiera ipintzeko eskatuz. «Aspeko pilotariok gure iritzia eman nahi dugu pilotan azken egunotan gertatzen ari den egoeraren gainean; batez ere, Baikon pairatzen ari direnari buruz. Gu ere oso kezkatuta gaude ikusi eta bizi ditugun injustizia egoerekin. Gure ustean, ez dira ohikoak eta aurretik ez da horrelakorik gertatu», hasten da beren oharra.

«Bidezko irtenbide bat eskatzen dugu, errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utziz. Azken finean, ematen ari garen irudia lotsagarria delako», salatu zuten, eta adibide moduan Aspen covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko lortutako akordioa ipini zuten. «Ez dezagun aitzakiarik ipini koronabirusa arazotzat jarriz. Gure enpresan egin dugun bezala, akordio batera heltzeko pausoak ahalbidetu daitezela».

«Horrenbeste maite dugun kirolean gehiago pentsatu behar dugu eta denen laguntzarekin aurrera egin. Bestela, pilota indartzeko aspalditik egin diren pauso guztiak pikutara joan daitezke. Nahikoa dugu!», gaineratu zuten Aspeko pilotariek.

Azkenik, Baikon kontraturik gabe geratu diren pilotari gazteekin gogoratu ziren. «Iosu, Victor, Unai eta Joni gure elkartasuna adierazi nahi diegu» esanez amaitzen da “Aspeko pilotariak” sinadura daraman oharra.

Mariezkurrena, Euskadi Irratian

Bestalde, Jon Mariezkurrenak adierazpen gogorrak egin zituen Euskadi Irratian. Berriozarreko atzelari gaztea enpresatik kanpo geratu berri da Baikorekin zuen kontratua amaitu ostean, eta horri buruz jardun zuen Arritxu Iribarrek egindako elkarrizketan, baina nafarraren adierazpen deigarrienak Ander Imazi buruz egin zituenak izan ziren.

Gogoratu behar da atzelari oiartzuarra ez dagoela azken asteotan beren egoera salatu nahi izan duten pilotarien artean, eta igandean, CaixaBank Mastersaren finala jokatu aurretik, zenbait kide berarekin gaizki portatu direla salatu zuen publikoki.

«Nire ustez, Anderren adierazpenak ez dira batere zuzenak. Egia da hasieratik taldearekin zegoela, gauzak gaizki ateratzen baziren taldearen babesa izateko, denok bezala, baina kontratua berritu behar genuenok dokumentu bat sinatu genuen esanez ez genuela ezer erabakiko ERTEtik ateratzeko enpresaren aldetik kolektiboarentzat erantzun bat izan arte. Eta hori ez zuen bete. Esan genuen kontratua berritzeko denok erantzun bat izan behar genuela, eta hori ere ez zuen bete», esan zuen Mariezkurrenak.

Horrez gain, pilotarien arteko bileretan adosten zena Imazek enpresako ordezkariei jakinarazten ziela ere salatu zuen: «Informazioa filtratu duela badakigu, hainbat lankidek hainbat gauza entzun dituztelako elkarrizketa desberdinetan eta informazio hori berez pilotariok bakarrik genekien. Teknikari askok bazekiten zertan ari ginen, zer pauso eman behar genituen, eta hori berez ez zuten zertan jakin. Gainera, behin Jose Ramon Garaik esan zigun gure taldearen barruan begiak zeudela eta guztiaz enteratzen zela».