Greziako alderdi neonazia erakunde kriminala dela ebatzi du Justiziak
Greziako Justiziak Urrezko Egunsentia alderdiaren buruzagitza eta agintari goren Nikos Michaloliakos, nazionalsozialismoaren mireslea, erakunde kriminala zuzentzeagatik errudunak direla ebatzi du. Milaka pertsonak txalotu dute faxismoaren kontrako epaia.

Atenaseko Apelazio Auzitegiak Urrezko Egunsentia alderdi neonazia erakunde kriminala dela ondorioztatu du, bost urte iraun duen epaiketaren amaieran. Hiriburuko kaleetan bildu ziren 20.000 manifestari inguruk txaloka erantzun diote ebazpenari.
Ikerketa 2013. urtean hasi zen. Urte hartako irailean alderdi ultraren egoitzako kafetegian lan egiten zuen gizonezko batek Fyssas Pavlos «Killah P.» 34 urteko raperoa labankadaka erail zuen.
Urrezko Egunsentia alderdiko 68 kide eseri dira akusatuen aulkian; horien artean, buruzagia, Nikolaos Michaloliakos.
Auzitegiak erakunde kriminala zuzentzeagatik zigortu ditu bera eta beste sei buruzagi. Beste 18 neofaxista erakundean parte hartzeagatik zigortu dituuzte. Fyssas Pavlosen hiltzailea, Giorgos Roupakias, erruduntzat jo du epaiak.
Bere garaian Grezian hirugarren indarra izatera iritsi zen Urrezko Egunsentia alderdia, eta Parlamentuko 300 eserlekuetatik 18 lortu zituen. Epaiketa bere kideen aurkako jazarpena zela salatu zuen. Halere, azken hauteskundeetan ez zuen lortu ordezkaritza izateko gutxieneko boto kopurua, %3a.
Greziako alderdi politiko guztiek bat egin dute neonaziak baztertzeko eta horien inguruan «osasun-hesia» osatzeko.
Batasun hori nabari zen atzo bertan auzitegiaren kanpoaldean bildu zen jendetzaren artean, bertan baitzeuden Alexis Tsipras lehen ministro ohi eta Syriza alderdiko buruzagia eta Demokrazia Berria lehen ministroaren alderdi eskuindarraren ordezkaritza bat.
Hala ere, protagonista jendea izan zen, eta antifaxismoaren aldeko epaia txalotu zuten milaka eta milaka pertsonak (20.000, Poliziaren esanetan).
Fyssas Pavlos-en ama bertan zegoen, hunkituta, bere semearen abestiak bozgorailuetatik entzuten zituen bitartean. Alexandras etorbidea pankartaz josita zegoen: «Ez dira errugabeak», «faxismoa ez da iritzi bat, krimena baizik», «Paul bizirik», «naziak zigortu» eta «beldurrak ez du irabaziko» leloekin.
Ebazpenak argi uzten du alderdi neonaziko kideen krimenak erakundearen agintepean eta babespean egin zirela.
Epaiak Urrezko Egunsentiaren buruzagiak zigortu ditu 2012an hainbat arrantzale egiptoar hiltzen saiatzeagatik eta 2013an PAME sindikatu komunistaren aurkako erasoagatik.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
