Eskola-jangeletako langileek hiru greba egunetako lehena dute gaur
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola-jantokietako langileek hiru greba egunetako lehena egingo dute gaur, nahiz eta atzo Hezkuntza Sailarekin bilera bat egin zuten. Bilera hori «denborarik gabe» deitua izateagatik, greba deialdiari eustea erabaki zuten sindikatuek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jantokietako azpikontratetako langileek lehen greba eguna egingo dute gaur, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako deialdira atxikiz. Urriaren 7an iragarri zituzten urriko hiru egunetako greba jardunaldiak (beste biak hilaren 27an eta 29an egingo dituzte) eta atzo deialdiari eustea erabaki zuten, nahiz eta Lakuako Hezkuntza Sailak bilera baterako gonbita egin zien.
Hain zuzen, bilera hori lehen greba egunaren bezperan iragartzea «denborarik gabe» abisatzea dela esan zuten sindikatuek, hilaren hasieran erabaki baitzuten hiru egunetako grebara deitzea. Nolanahi ere, bilerara joatea erabaki zuten, baina greba deialdiari eusteko konpromiso osoz. «Gehiago dirudi herritarrei eta familiei begirako mugimendua, arazoa konpontzekoa baino», adierazi zuten sindikatuek Lakuako ordezkariekin batu aurretik.
Orain arte, erabaki guztiak aldebakartasunez hartu eta ezartzea leporatu zioten Hezkuntza Sailari, eta joan den irailaren 15ean hezkuntza-komunitate osoak lehen greba deialdia egin ondoren, hezkuntzako langileen mahai guztiak deitu bai baina azpikontratetako langileez ahaztu zela ohartarazi zuten. Horiek enpresa pribatuek kontratatutako langileak izan arren EAEko ikastetxeetan zerbitzua ematen duten langileak direla adierazi zuten irmoki.
Gogorarazi zuten langileen eskaria bilera bat egitea baino harago doala. Segurtasun bermea, enpleguari eta lan baldintzei eustea, ratioak jaistea eta lan kargak ez handitzea, eta zerbitzu seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea aldarrikatzen dute.
Greba egun hauetarako zerbitzu minimoak ere ezarri zituen atzo Lakuak eta garbitzaileen kasuan %100ekoak izango dira; sukaldari eta begiraleen kasuan, %10eko gutxieneko zerbitzua zehaztu zuen aginduan. Premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko, berriz, «beren elikadura beharrak betetzeko» nahitaezkoa den begirale kopurua ezarri du.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
