Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Euskaraldiarekin bat egin dute hiru administrazioek

Lakuako Gobernuak, Nafarroakoak eta Euskal Hirigune Elkargoak Euskaraldian parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten atzo Baionan egindako agerraldian. Euskal hiztunen hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea helburu duen ariketa kolektiboan parte hartzera gonbidatu zuten Euskal Herri osoko biztanleria. Euskaraldiko bigarren edizioan Euskal Herri osoko 412 udalerrik parte hartuko dute eta 25.000 arigune izango dira.

Nafarroako Gobernuko ordezkaritzak fisikoki Baionan egoterik izan ez zuen arren, Lakuako eta Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariekin bat egin zuen azaroaren 20a eta abenduaren 4a bitartean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia ekimenari bere sostengua adierazteko.

Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Miren Dobaran Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak egin zuten aurkezpenean, Euskaraldiaren bigarren edizioari buruzko datuak eskaini zituzten.

Guztiek bat egin zuten elkarlanaren garrantzia azpimarratzeko orduan eta Euskaraldia erakunde publikoen eta eragile sozialen artean antolatutako ariketa kolektiboa dela oroitarazi zuten. Herritarrei izena emateko deia luzatu zieten.

Bizi dadin

Etchegarayk euskaraz eman zuen ongi etorria Baionako udaletxean egin zen prentsaurrekoan eta, Baionako bertako auzapez eta Elkargoko lehendakari gisa, Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko Lapurdiko hiriburua hautatu izanak «poza» eragiten ziola aitortu zuen.

Euskal Hirigune Elkargoak euskara sustatzeko garatu dituen zenbait egitasmoren berri eman ostean, ahobiziei eta belarriprestei Euskaraldian parte hartzeko deia luzatu zien Etchegarayk; «euskara bizi dadin urte askorako», nabarmendu zuen euskaraz.

EEPko lehendakari eta Elkargoko lehendakariorde Antton Curutcharryk eremu publikoan euskaraz egin ahal izateko bitartekoak eskaintzeak duen garrantzia azalarazi zuen eta bi helburu nagusi nabarmendu zituen: euskararen transmisioa bermatzea eta euskararen erabilera sustatzea. Bere hitzetan, «Ipar Euskal Herrian sei pertsonatik bat euskaraz mintzatzeko gai da, ez da gutxi, baina ingurune hurbiletik irtetean jendeak ez du euskara erabiltzen».

Aurtengo Euskaraldiaren datu orokorrak Miren Dobaranek eskaini zituen. Guztira 412 udalerrik bat egin dute Euskaraldiarekin (2018an 405 udalerrik parte hartu zuten), eta horietatik 66 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan daude.

25.000 arigune

Horrez gain, bigarren edizioan berrikuntza izango den ariguneei dagokienez, guztira 25.000 arigune antolatu dira. Horien artean, 6.700 entitatek baino gehiagok Euskal Herri osoan dituzten 8.200 egoitzatan ariguneak antolatu dira. Hots, Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu zuenez, «indar handiena euskararen normalizazioaren alde dagoen Euskal Herriko biztanleriaren gehiengo zabala da».

«Covidak euskara ere kolpatu» duela aitortu arren, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz itxaropentsu agertu zen eta belarripresten eta ahobizien rolak zehaztu zituen: «Ahobizia da euskaraz ulertzen duten guztiei hamabost egunez euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen duena, eta, belarripresta, berriz, besteek euskaraz egin diezaioten prestutasuna erakusten duena».

Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkariak, bere aldetik, euskaldunek instituzio publikoetan euskaraz egiteko modua izan dezaten ezartzen ari diren neurriak azaldu zituen eta pozik agertu zen «euskararen erabilera agenda politikoan sartzea lortu» delako. Aitzitik, ohartarazpen bat ere egin zuen: «Euskara erabili egin behar dugu, bere geroa bermatzeko modu bakarra baita».