GARA
BILBO

«Kopla barik», makalalditik etekina ateratzen dakien bertsolaritza

Bada makalaldien aurrean handi egin eta datorrenari erronka egiten dakienik. Horietako bat da bertsolaritza. Bertsolarien aukera berdintasuna bermatu ezin dela-eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki zuen Bizkaiko Bertsozalek, baina trukean bertsolaritzaren formula ezberdinak proposatzen dituen «Kopla barik» zirkuitua eskainiko dute: lau saio izango dira, pandemia garaiotan ere bertsolaritzak zer erakutsi baduela nabarmentzeko.

Egoerak hala behartuta, aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Argudiatu zutenez, edozein kultur ikuskizun kontsumitzea segurua bada ere, bertsolarien arteko aukera berdintasuna bermatzea ezinezkoa begitantzen zitzaien –konfinatuta egotearen ondorioz saioren batera huts egin lezakeen bertsolaria edota arrazoi beragatik epaile ezberdinek puntuatu beharra jarri zituzten adibide– eta, beraz, bidezkoena txapelketa atzeratzea zela erabaki zuten. Baina, erabakia hartu zuten unean azaldu zuten bezalaxe, guztion osasuna bermatuz bestelako saio mota asko egin daitezkeela sinesten dute eta, beraz, “Kopla barik” bertso zirkuitua antolatu dute. «‘Kopla barik’ deitu diogu, daukagun egoera edukita ere, koplak alde batera laga eta aitzakia barik antolatuko ditugulako saioak, udazkena bertsoz janzteko. Kulturak eta bertsozaleek merezi dutelako», ziurtatu zuten atzoko aurkezpenean.

Zirkuituan lau saio egingo dira, bakoitza formatu desberdinekoa. «Oso saio desberdinak dira eta plazaren aniztasunaren isla izatea nahi genuke: Txapelketa ez da dagoen bertso plaza bakarra eta formatu desberdinen aniztasuna plazaratu nahi da zirkuitu honetan», azaldu zuten antolatzaileek.

Lehen saioaren formula bertso saio musikatua izango da: «Musikari biren laguntzarekin, bertsolariek musikaren konpasen erritmora kantatu beharko dute, bertsotan egiteari zailtasun hori erantsiz». Saioa urriaren 24an, 19.00etan, hartuko du Mungiako Olalde aretoak eta Aitor Bizkarra Ruiz, Arrate Illaro Etxebarria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Etxahun Lekue Etxebarria, Malen Amenabar Larrañaga eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak eta Ixak Arruti eta Eneko Sierra musikariak ariko dira, Idoia Anzorandia Kareaga gai-jartzaile dutela.

Bigarren saioa bertso trama izango da. Hau da, bertsolariek pertsonaia baten paperetik kantatu beharko dute eta istorioa osatzen joan, gai-jartzaileak eskaintzen dizkien bideetatik, trama bat osatuz. Saio hau Igorreko Lasarte aretoak hartuko du azaroaren 14an eta Eneko Abasolo Txabarri “Abarkas”, Jone Uria Albizuri, Julen Arzanegi Erezuma, Miren Amuriza Plaza, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor bertsolariak ariko dira, Lilibertso bertso-eskolak gaia jarrita.

Hirugarren saioak sariketaren formulari helduko dio: bertsolariak lehian jarriko dira eta ariketa berak egin beharko dituzte ahalik eta puntu gehien lortzeko. Azaroaren 28an izango da saioa, Durangoko Plateruena antzokian, eta, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) gaia jarrita lehian ariko dira Ander Elortegi Garatea, Imanol Uria Albizuri, Irune Basagoiti Agirre, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak.

Laugarren eta azken saioari Bizkaiko Txapeldunen Jaialdia deitu diote. Orain arte Bizkaiko txapeldun izan direnen saioa izango da, jaialdi formatukoa, ohiko herriko jaietan egiten denen antzekoa. Abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri zentroak hartuko du jaialdia eta kantuan ariko dira Arkaitz Estiballes Ormaetxea, Etxahun Lekue Etxebarria, Fredi Paia Ruiz, Igor Elortza Aranoa, Jon Enbeita Ealo, Onintza Enbeita Maguregi, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza eta Xabi Paya Ruiz bertsolariak, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldearen aginduetara.

Txapelketako hutsunea betetzeaz batera, saio hauekin txapelketako bertsolari guztiei gutxienez saio batean parte hartzeko aukera eman zaiela nabarmendu zuten antolatzaileek, eta covid-19aren testuinguruan ere denetariko saioak egin daitezkeela ere erakutsiko duela uste dute.

Sarrerak Internet bidez erosi ahalko dira (www.bertsosarrerak.eus) eta antolatzaileek ohartarazpena ere egin zute, edukiera mugatua izango denez sarrerak amaitzeko aukera dagoela azalduz.