Woods, Euskal Herrian bikain moldatzen den kanadarra
2018an Oiz mendiko etapa irabazi zuen eta atzo Gaubean errepikatu zuen.

Michael Woods kanadarrak irabazi zuen Vueltako zazpigarren etapa, 159 kilometro Gasteiz eta Uribarri Gaubea artean, ikusgarria suertatu zen, jardunaldiari errematea eman eta Omar Fraileri aurrea hartuz. Bizkaitarra garaipena lortzetik oso gertu izan zen, Alex Aranburu taldekidea ere zazpigarren sartu zen, eta Astanak igandean Izagirre anaiekin emandako erakustaldiari jarraipena eman zion.
Arabako etapa, Joseba Belokik mimoz prestatutako ibilbidean, ikusgarria izan zen, etapa garaipena lortzeko borroka sailkapen nagusiko borrokarekin nahastu zelako hasiera-hasieratik. Izan ere, Urduñako lehen igoeran antolatu zen ihesaldi jendetsuan sailkapen nagusian Richard Carapaz liderrarengandik oso gertu zeuden txirrindulariak sartu ziren: Alejandro Valverde (hiru minutura), George Bennett (3:22ra), Mikel Nieve (3:28ra) edota Kenny Elissonde (4:11ra).
Ihesaldia osatu zuten txirrindulariak hauek izan ziren: Valverde, Verona, Rojas (Movistar), Bennett, Kuss, Martens (Jumbo) Elissonde, Lopez, Eg (Trek), Martin, Herrada, Lafay, Perichon (Cofidis), Formolo, Rui Costa (UAD), Zimmermann (CCC), Sicard, Terpstra (Direct), Peters, Godon (Ag2r), Power, Arensman, Storer (Sunweb), Woods, Cort (EF), Lastra (Caja Rural), Schelling (Bora), Fraile, Aranburu (Astana), Wellens (Lotto), Ladagnous (Groupama), Cabedo (Burgos), Steimle (Deceuninck) eta Stefan de Bod (NTT).
Urduña igo osteko kilometro lauetan, Carlos Veronak eta Jose Joaquin Rojasek gogor lan egin zuten Valverderen mesedetan tropelarekiko aldeak handitzeko, eta tartea bi minututik gorakoa izan zen uneren batean. Tropelean Ineosek ere lana egin behar izan zuen egun osoan aldeak murriztu ahal izateko.
Aurreko multzoa Urduñako bigarren igoeran apurtu zen behin betiko. Eraso gogorrena Michael Woods-ek berak jo zuen eta mendate gainetik lasterketa buruan bakarrik igaro bazen ere, atzetik laukote bat asko gerturatu zitzaion. Omar Fraile bizkaitarra zegoen taldetxo horretan, Valverde, Nans Peters eta Guillaume Martinekin batera.
Jaitsierako lehen metroetan denek bat egin zuten aurrean eta boskotea izan zen etapa garaipena jokatu zuena, nahiz eta atzetik zetorren taldetxoa ere gain-gainean izan zuten azken kilometroetan. Boskote horretan denak saiatu ziren txandaka-txandaka erasora jo eta helmugara bakarka iristen. Omar Frailek ere egin zuen ahalegin oso ona, baina zoritxarrez ez zuen lortu bere helburua eta azkenean Woods izan zen aurrera jo eta metro batzuk aterata helmugan irabazle sartu zena.
Tropelak aldeak nabarmen murriztea lortu zuen azken kilometro horietan, Andrey Amadorrek egindako lan bikainari esker, eta Carapazek lider jarraituko du sailkapen nagusian. Valverde bederatzigarren jarri da, postutxo bat igoz, eta Bennett hamargarren, hiru postu gora eginez.
Aipagarria da Michael Woodsen lana Euskal Herriko errepideetan, atzokoa Vueltan lortu duen bigarren garaipena baita, eta aurrekoa Oiz mendian amaitutako etapan lortu zuen.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra
