Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Urdina eta gorria

Urdinaren eta gorriaren artean ibili gara. Bi koloretako mapak gure bizitza zeharo markatu dezake. Lekutan diren Estatu Batuetako hauteskundeek berebiziko garrantzia dute, eta gurea ere baldintzatuko du bertatik datorrenak. Telebistari begira, etsipena datorkit biek horren antzekoak diruditela pentsatzean. Biak berdin, urdina zein gorria. Baina txarraren edo okerrenaren arteko hautua egitean datza kontsolamendua.

Etsirik, une batez, gureari begira jartzea erabaki dut, zaila egiten zaidan arren. Iruñeko auzoetan urteetan haur eta nerabeekin lanean aritutako zortzi prebentzio taldeen kontratua etetea erabaki du Udalak. Enrique Mayari entzun diot behin baino gehiagotan haurtzaroaren aldeko politika irmoa eginen duela, eta egia izango ote da, sozialisten botoa ere bereganatu baitu...

Navarra Suma eta PSN. Urdinak eta gorriak bat egin duten puntua. Etsirik, berriz ere lekutan denari so egitea erabaki dut.

Trump haurren babeserako eta defentsarako politiken aitzindari izan dela gogoratu dut. Horra hor, Ameriketako beste herrialdeetatik etorritako haurrak gurasoengandik banandu eta espetxe antzekoetan sartzeko hartutako neurriak. Orain, Alderdi Demokratari dagokio sionistek haur palestinarrekiko duten jarrera defendatzea.

Eta berriz ere gurera itzultzea erabaki dut. Zaila, oso zaila, jartzen diguten arren.