Amaia U. LASAGABASTER
Lehen maila

Realak denboraldiko partida zailenetakoa jokatuko du

Liga astebetez eten aurretik, bederatzigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Eta hasiera emango dion neurketa denboraldiko zailenetakoa izango da Realarentzat. Gol bakarra jaso barik jokatutako partida guztiak irabazi dituen Bartzelona bisitatuko dute (12.00, BarcaTV) zuri-urdinek, hain zuzen ere.

Txapelketako talderik indartsuena da, Europako onenen parekoa, dudarik gabe, baina gipuzkoarrak beldur barik doaz, entrenatzailearen esanetan, orain arteko ibilbidean oinarrituta. «Badakigu oso partida zaila planteatuko digutela –adierazi du Natalia Arroyok–, baina gu ere talde handi bat izateak ematen digun konfiantzarekin goaz. Gauza asko ondo egiten saiatuko gara». Hor dago gakoa, bere ustez. «Garrantzia emaitzek dute, baina gure begirada intentzioetara doa, jokora. Madrilen eta Granadillaren aurkako partidek emaitzen dinamika apurtu ziguten, baina ez jokoari dagozkion hainbat alderdirena. Kasu honetan ere, Bartzelonatik partida on bat egin dugula jakinda itzuli nahi dugu. Daramagun ibilbideak partidari oso egoera onean aurre egitea ahalbidetzen digu».

18 jokalariko deialdia egin du Arroyok. Maddi, Latorre, Manu eta Elene geratu dira kanpoan.

Athletic eta Eibar, bihar

Beste bi partida jokatuko dira gaur: Betis - Real Madril (12.00, LaLigaSports) eta Sevilla - Valentzia (14.00, Gol).

Bihar lehiatuko dira gainontzeko seiak. Horien artean, Athleticek Granadilla liderra hartuko du Lezaman (12.00), bolada txarra amaitzeko asmoarekin, eta Eibarrek, berriz, Sporting de Huelva aurkari zuzena bisitatuko du (12.00).