Jon ORMAZABAL
Entrevista
ERIK JAKA
ASPEKO AURRELARIA

«Nire bikotekidea eta gero, Jokin izango da gehien egoten naizen pertsona!»

Kantxan bezala, lizartzarra zuzena eta argia da bere erantzunetan ere. Ideiak oso argi dituen kirolaria da Erik Jaka eta bere buruarengan izandako konfiantza eta exijentzia jotzen ditu azken urteetan izandako hamaika oztopoak, batzuk oso latzak, gainditzeko giltzarri. Bere lehendabiziko finalean jenderik ez da izango, baina parean bere lagunik onenetako bat izango du, Jokin Altuna.

Azkenean aldatu da zure zortea?

Bueno, igandean txapela irabaziko banu, orduan nik esango nuke baietz. Nik uste kirolari askori gertatzen zaiguna dela: dinamika txar batean sartzen zara eta, hortik irteten ari zarenean, berriz horretan erortzen zara. Niri gertatu zait horrelako zerbait, baina ez naiz kexatuko: Buruz Buruko final batean nago eta nik uste ez dela jende askok lortzen duen lorpena. Pozik egoteko moduan nago.

Ia denetik pasatu zaizu eta eta gauza larriak gainera…

Bai, egia esan denetik pasa zait, lesioa desberdinak, amaren gaixotasun larria eta heriotza… Nik uste gauza txar askoz gehiago pasatzea ez daukadala eta espero bolada txar hori atzean utzi eta onari denbora luzerako heltzea.

Esaten dute erortzea aukera bat dela, jaikitzea betebeharra.

Bueno, nik uste dut gogor egin diodala bizitzari. Bizitzak kolpeak ematen dizkizu, niri eman dizkit ederrak, pilotan bertan ere kolpe ederrak jaso ditut, baino burugogor jarraitu dut lanean, nire aukeretan sinistuz, nire lanean konfiantza handiarekin. Emaitzak azken urte honetan ikusten ari dira.

Zure burua ere asko estutzen duen horietakoa zara. Batzuetan gehiegi ere bai?

Bai, posible da, askotan hitz egin izan dut Jokin Etxanizekin, eta esan izan dit nire burua ez horrenbeste estutzeko. Baina nik hori barruan daramadan zerbait dela uste dut, ez naiz konformatzen. Adibide bat jartzeko, entrenamendu batean hamar gantxo ondo egitearekin ez naiz konformatzen: beti gehiagoren bila aritzen naiz eta, ez bazait ondo irteten, moskeo ederrak hartu izan ditut... Jokinek, nik uste, sufritu izan ditu bat baino gehiago asko merezi gabe, baina nik uste nire hobekuntzaren partea hortik ere badatorrela.

Une zailetan nondik ateratzen duzu indarra ?

Hori hein handi batean berezkoa izaten da eta gero, betikoa, inguru ona izateak asko laguntzen du. Nik pertsonalki etxean beti laguntza handia sentitu dut, neska lagunaren partetik ere beti sentitu dut sekulako babesa, une txarretan beti hori izan dut laguntzeko. Nire pilotako ingurua ere bai; prestatzaileen aldetik, Jokin Altunaren partetik ere bai, eta gauza horiek beti laguntzen dute eta beti izango naiz oso eskertuta.

Pilota bakarkako kirola dela esaten da, baina zuk beti izan duzu talde on bat inguruan.

Bai, azkenean nik uste garrantzitsua dela lantalde bat izatea inguruan. Nire kasuan ez zait iruditzen lantaldea bakarrik denik, lanaz harago doan taldea dela iruditzen zait. Azkenean, gure arteko harremana ez da bakarrik pilota mundura mugatzen, hortik haratago doa. Jokin [Altuna] nik beti esaten dut dudan lagunik onenetakoa dela, ez bakarrik pilotan, pilotatik kanpo ere bai. David [Dominguez] prestatzailea berdin, prestatzailea izatetik haratago doan pertsona da niretzat. Eta Etxaniz ere bai. Azken zazpi urteotan bakarrik ez, aurrekontratua nuen urteetan ere elkarrekin pasatako ordu horiek guztiek, niri pertsonalki, asko eman didate. Biok dugun harremana, aurreko biekin aipatu bezala, ez da bakarrik harreman profesionala.

Orain dela hiruzpalau aste nola zinen ikusita, honaino helduko zinenik sinetsiko zenuke?

Ederra da, bizitzak ematen dituen bueltak dira, kirolak ematen dituen bueltak. Binakako finalerdia jokatu ostean gelditzea erabaki nuen, zerbait bazegoelako normala ez zena. Hilabete bat geldirik egon eta gero, eta greba gora greba behera aritu ostean, grebari esker iritsi naiz partida hauek jokatzera, txapelketa jokatzera. Zeinek esan behar zuen finalean egongo nintzela!

Argi duzu zer izan zenuen? Mononukleosia agian?

Ez dakigu ziur zer izan zen. Lehenik eta behin covida baztertu genuen, gero mononukleosiaren ikara geneukan... Hortik joan ginen, probak egin zizkidaten eta espezialista batzuek esaten dute posible dela mononukleosia pasa izana, antigorputz batzuk agertu ziren eta... Baina beste batzuek esaten dute ezetz, beste era bateko birusen bat edo infekzio bat izan zitekeela. Ikusirik ez zela ezer garbirik ateratzen eta sentsazioak hobetzen ari zirela, erabaki genuen sentsazioei kasu gehiago egitea beste probei baino eta, ematen duenez, asmatu egin genuen.

Jokatzeko oso estilo definituarekin gainera, arriskuak hartuz, beti zuzen eta aurrera.

Nik uste ez naizela suizida bat ere... Nik jokaldi bat egiten badut, egiten dut pentsatuz posible dela egitea eta ondo ateratzea. Badakit mugan jokatzen dudala, baina niri gustatzen zaidan jokoa hori da, eta nik uste horrekin leiala izan behar dudala. Egia esan, ez zait iruditzen beste era batera jokatuko banu errendimendu hobea izango nukeenik. Horrela jokatzen badut da sinisten dudalako horrela jokatuta lortuko ditudala emaitzarik onenak.

Pilotan atzelari hasi zinen.

Bai, ia 18 urte egin arte atzelari jokatu nuen. Jubeniletako lehen eta bigarren urtearen artean hasi nintzen txapelketa batzuetan aurretik jokatzen eta niri, egia esan, betidanik gustatu izan zait aurrelari jokatzea, baina klubean aurrelari gehiago zeuden atzelariak baino, eta atzetik ere ondo moldatzen nintzenez... Baina beti izaten nuen aurrerako gogo hori eta, ikusita beste atzelari batzuek nik baino kolpe luzeagoa zutela, Xaltonek [Zabalak] eta biok, Aspeko intendenteekin eta hitz eginda, erabaki genuen aurrera pasa eta probatxo batzuk egitea, eta nik uste ondo joan zirela. Asperekin aurrekontratua sinatu aurretik hasi nintzen eta honaino.

Fisikoki ere garapen handia izan duzu. Arinago ikusten zaitugu, batez ere defentsan.

Bai, nik uste garapena etengabekoa izan dela. Azkenean, 17-18 urterekin aurrera jokatzera pasa, 19 urterekin debutatu… tara asko nituen hasiera horretan. Garbi daukadana da, defentsa aldetik batez ere, berde debutatu nuela, baina urteen poderioz, lana eginda, eta ez bakarrik frontoian, baizik eta fisikoki eta abar ere bai, nik uste dezente hobetu dudala. Jende asko beti gauza batzuekin geratzen da. Jokinengatik [Altuna] ere igual esaten dute pilotari motza dela, eta Darioren aurkako partida ikusi besterik ez dago ikusteko nola atzeratzen duen pilota. Eta nigatik esaten dute defentsan txarra naizela. Bueno, badakit igual ez naizela profesionaletan dagoen defendatzaile onena, ezta bigarren onena ere, baina nik uste lehen mailan jokatzeko ezin duzula defentsa txarrik izan... Gauza batzuk zurekin geratzen dira betiko eta jakin egin beharra dago horrekin bizitzen.

Final oso berezia izango da igandekoa. Alde batetik, publikorik gabe jokatuko da. Baina, bestetik, hortik harago, oso berezia izango da baita lagun handi baten aurka jokatzea, ezta?

Bai, azkenean oso ilusionagarria da. Hamaika ordu konpartitutakoak gara, eta egun ere konpartitzen ditugu... Egunero hitz egiten dugu elkarrekin, erabat kontaktuan gaude, uste dut ez dagoela egunik hitz egiten ez dugunik, elkar ikusi ere ia egunero… Nik beti esaten dut, nire neska laguna eta gero, gehien egoten naizen pertsona Jokin izango dela! Azkenean zirraragarria da biontzat, hori bai, biok argi daukaguna da igandean hil edo bizi irtengo garela elkarren kontra. Eta gero betikoa, hemendik urte batzuetara nik uste gehiago baloratuko dugula orain baloratzen duguna baino.

Galtzeak pena gutxiago emango du lagun baten aurka...

Nik uste galtzen duenak pena bera izango duela, baina poza ere sentituko duela aldi berean. Kontraesana ematen du, baina nik uste horrela izango dela. Nik Jokinek irabazten duenean beti hartzen dut poza, eta alderantziz berdin. Eta final batean sentimendu horiek nik uste are eta muturrerago eramaten direla... Galtzen badut kristoren pena izango dut, kristoren haserrea izango dut, badakit, galtzaile txarra naizelako eta nik uste bera ere horrela dela, baina poza ere emango lidake txapela irabazten didana bera dela jakiteak. Eta nik daukadan sentsazioa da berak ere berdin biziko duela.

Pena izango da, lehen finalera heldu eta jenderik ez frontoian.

Bai, pena handia da, baina zer esango dizut, pena baino poz handiagoa daukat uneotan. Pena ematen du zure gertuko jendeak ezin izango duelako bizi final batean egoten den festa giro hori, baina, azkenean, egungo egoera honakoa da. Aurkezpen egunean esan genuen, publikoa kendu zutenean ere esan genuen, garrantzitsuena zela pilotak jarraitzea, txapelketak jokatzea eta, momentuz, jarraitzeko gai izaten ari gara. Guretzat eta pilotazaleentzat garrantzitsuena hori da.

Sare sozialetan eta ibili zalea bazara...

Bai, kontrolatzen ditut, batez ere Twitter eta Instagram. Gehienbat saskibaloia jarraitzeko erabiltzen ditut. NBAren zale nahiko sutsua naiz eta, egia esan, bertako albisteak jarraitzeko erabiltzen ditut gehien, eta bideoak eta argazkiak ikusteko.

Eta futbolean, Real Madrilekoa?

Realekoa eta Real Madrilekoa. Nik beti esaten dudana honakoa da: Real Madrilek eta Realak jokatzen badute eta biek irabazteko aukera badute, Liga adibidez, Realaren alde egongo naiz, baina, Realak ez badu irabazten, Madrilek irabaztea nahi dut.

Benzemaren zale sutsua ere bazara. Zure sare sozialetako argazki bat famatu egin zen...

Bai, oso. Real Madrileko jendea nirekin oso ondo portatu zen egun hartan. Santiago Bernabeuko palkora joateko gonbidapena egin zidaten eta niretzat ederra izan zen. Beste mundu bat ematen du horrek, palkoan ikusten duzun jendea, Florentino [Lopez], deialdian ez dauden jokalariak… Eta gero aukera eman zidaten partida bukatu eta aldagelara jaisteko eta jokalariak banaka-banaka ezagutzeko. Karimekin [Benzema] dudan argazki hori etxean ere badut koadro txiki batean jarrita!