Amaia U. LASAGABASTER
WOMEN’S CHAMPIONS LEAGUE

Olympique, aurkarien eta garai berrien aurka

Bajei eta Ingalaterrako futbolaren hazkundeari egin beharko die aurre txapeldunak, besteak beste.

Bada hilabete bat martxan jarri zela, aurretiko bi faseen lehiarekin, baina txupinazoa atzo bota zela esan daiteke, 1/16koen zozketarekin. Beste behin, Europako talde indartsuenek Champions Leagueari ekin diote, kluben mailako munduko txapelketa preziatuenari, alegia.

Eta Championsi buruz hitz egitean, nahitaezkoa Lyongo Olympiquez aritzea, lehiaketaren marka guztiak hautsi baititu urteetan zehar, garrantzitsuenak barne. Hau da, zazpi aldiz jantzi du txapela; azken bostak jarraian. Horregatik bakarrik bada ere, beste behin faborito nagusitzat jo behar da txapeldun frantziarra. Baina badira hainbat arrazoi garai berri hauek zailagoak egingo zaizkiola susmatzeko.

Alde batetik, taldearen beraren egoera. Ohituta dago Olympique une zailenetan zalantzei erakustaldiekin erantzuten. Azken adibidea, eta garbienetakoa, Donostian abuztuan jokatutako «zortziko finalean» topatzen dugu: azken bi kanporaketetan Bayern eta PSG ozta-ozta gainditu ondoren, aise menderatu zuen finalean Wolfsburgo bere ohiko aurkaria.

Baina aurrekariek, alderdi psikologikoan pisua izan badezakete ere, ez dituzte partidak irabazten. Izan ere, denboraldiko lehen «finala» jokatu zuen Olympiquek ostiralean, PSGren aurkako partida eta, lau urtean lehen aldiz, Ligako partida galdu zuen, lidergoa ere Parisekoei emanez. Badauka kezkatzeko arrazoi gehiago. Hasteko, galdutako kalitatea. Hegerberg golegilea eta M’Bock Bathy ez dira oraindik osatu, Eugenie Le Sommer lesionatu berri da eta, Carpenter fitxatu badu ere, Van de Sanden Wolfsburgora joan eta, are garrantzitsuagoa, Lucy Bronze etxera itzuli da, Manchester Cityra, hain zuzen.

Hegalekoen alde egiteak, Olympiquek, eta gainerako taldeek, aurre egin beharko dioten arrisku nagusietakoarekin lotura dauka: Ingalaterrako futbolaren hazkundea. FAk eta klubek azken urteotan elkarrekin egindako lana eta sartutako dirua fruituak ematen ari dira; ikusi besterik ez dago zer nolako jokalariak mantendu, itzuli eta heldu diren WSLra. Arsenalek 2007an txapela jantzi zuenetik, ingelesak ez dira finalerdietatik pasatu, eta hori ere gutxitan, baina aurtengo edizioan, Manchester City eta Chelsea faborito nagusien artean daude, euren Liga lehiakorrean momentuz hirugarren eta bosgarren postuan badaude ere.

Horiekin batera, Wolfsburgo txapeldun ohia ezin da falta, «otsemeak» ere une zailak bizitzen ari diren arren, lesioek eta Harderren alde egiteak jota. Izan ere, Championsen dagoen Bayern egiten ari da momentuz Liga txukunagoa. Orain dela bi urteko finalista Bartzelonak eta Irene Paredesen Paris Saint Germainek osatuko lukete faborito handien multzoa.

Guztien ibilbidean eragin handia izango dute zozketek. Eta, ildo horretan, Olympique litzateke zorte txarrena izan duena lehen kanporaketan, 1/8etarako txartela Juventus Italiako txapeldunaren aurka borrokatu beharko baitu.

Honako hauek dira, guztira, 1/16etako kanporaketak, abenduak 9-10 eta 15-16an jokatuko direnak: St.Polten-Zurich, Lanchkhuti-Rosengard, Goteborg-Manchester City, Sparta Praga-Glasgow City, Juventus-Olympique, ZFK Spartak-Wolfsburgo, Fiorentina-Slavia Praga, Benfica-Chelsea, Pomurje-Fortuna Hjorring, WFC.2 Kharkiv-BIIK Kazygurt, Valerenga-Brondy, Ajax-Bayern, PSV-Bartzelona, Minsk-LSK Kvinner, Gornik Leczna-Paris Saint Germain eta Servette-Atletico Madril.