GARA
DONOSTIA

Mikel Azpirozek «sosegua» aldarrikatu du «Islak» diskoan

Entzulea introspekziora eta meditaziora daramaten piezak batu ditu Mikel Azpiroz piano jotzaileak «Islak» bere bakarkako ibilbideko hirugarren diskoan. Lan berri horrekin «sosegua aldarrikatu» nahiko luke.

Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) piano jotzaile donostiarraren bakarkako ibilbideko hirugarren diskoa da “Islak”, hitzaren zentzu bikoitza erabilita, “uharte” eta “errainu” kontzeptuen ideiari lotzen zaion diskoa. Aurreko bi diskoen (“Gaua” eta “Zuri”) bide beretik, donostiar musikariak pianoa soilik erabilita konposatu dituen bederatzi kantu biltzen ditu diskoak, 1978. urteko “Steinway&Sons B” isats piano batean interpretatu dituenak.

Mamusik zigilutik azaldu dutenez, Azpirozen obsesioa soinuaren kalitateak obraren emaitza osoan daukan garrantzia bermatzea da eta horrek eraman du grabazio teknikak ikertu eta hobetzera, berak kudeatu baititu teknika horiek lan honetan. «Lortutako emaitza hauxe da: entzuleari interpreteen ondoan eserita balego bezala iristen zaio obra», ziurtatu dute. Hala, entzulea introspekziora eta meditaziora eramaten duten piezak bildu ditu, helburua zalapartaren aurrean «sosegua aldarrikatzea» dutenak.

Diskoa Donostian grabatu zuen Azpirozek, berak sortutako Mamusik estudioan. Izen bereko zigilua 2006. urtean sortu zuen konpositoreak bere bakarkako lanak zein Elkano Browning Cream proiektuarekin egiten dituenak argitaratzeko.

Azpiroz (Donostia, 1978) sei urterekin hasi zen pianoan trebatzen, baina musika klasikoko ikasketak laster bideratu zituen jazzaren eta bluesaren esparruetara. Egun, bakarkakoa eta Elkano Browning Creamekin duen ibilbidea hainbat kolaboraziorekin tartekatzen du. Besteren artean, The Waifs, Duncan Dhu, Travellin’ Brothers, Jabier Muguruza edota Elena Setienen diskoetan hartu du parte.