Brigade Loco: «Markotik irteteak askorentzako eredugarriak ez izatea dakar»
«Amets bati lotuta» disko berria besapean dutela izan dira NAIZ Irratiko «MusikHaria» saioan Brigade Loco taldeko Manex Egaña eta Lander Aznal. Taldea, ordea, Oier Aperribaik, Mikel Sotok eta Alex Arteagak ere osatzen dute. Urtarrilaren 23an Hernanin izango dira azken lana aurkezten, NAIZ kontzertuen ziklo berrian.

NAIZ Irratiko “MusikHaria” saioan elkarrizketatu ditugu Brigade Loco taldeko Lander Aznal eta Manex Egaña. Aznali galdetu diogu ea zenbat txiste egin ote dizkioten abizenaren gainean eta aitortu digu «txikitan egunero edo ia egunero» egiten zizkiotela. «Aititak askotan kontatu izan zigun nondik zetorren gure abizena, zein izan zen aldaketa egin zuena, hortaz, badauka bere istorioa honek ere», kontatu digu Debako abeslariak.
Lander debarra, Manex hernaniarra eta gainerakoak Bergarakoak dira, horregatik taldea herri horrekin lotzearena. Manex Egaña Eskoriatzan hasi zen ikasten eta bertan Alex Arteaga ezagutu zuen. Hark Bergarako beste bi lagunekin talde bat osatu nahian zebilela esan zion, eta lagun haietako batek, Oierrek, Landerrekin beste talde bat egiteko hitz egina zuenez, guztiak elkartu ziren azkenean.
Memoria historikoa beti presente dute Brigade Loco taldekoek, “Bi arima”, “Ez dira pasako” edota “Telesforo” kantuak adibide. «Beti iruditu zaigu garrantzitsua memoriarena eta oraingo lan honetan oso presente dago», kontatu digute taldekideek. Intxorta mendian gertatutako gudua aipatzen dute “Ez dira pasako” kantuan, Gerra Zibilaren inguruan kantu bat egiteko nahia zutelako. «Bada, taldea Bergaran finkatuta egonda eta Intxorta gertu egonda, bertako pasarteak gogoraraztea aproposa zela iruditu zitzaigun», esan digu Aznalek.
Kantuaren bideoklipa kaleratu baino hilabete dezente lehenago hasi ziren lantzen. Baliabideak lortu behar dira, aktoreak, logistika, arropak… eta guztia ongi irten dadin lan asko dago atzetik. Taldekideak ez dira aktore lanetan agertzen, ekoizpenean aritu ziren buru-belarri.
Aipatu dugun “Bi arima” kantuan, diskoko laugarrenean, bi arima zaindari aipatzen dituzte eta Manex Egañak idatzitakoa da. «Gerra zikinaren pasarte batean oinarrituta daude kantuaren hitzak. 1984an Kattu eta Txuriya hil zituen Guardia Zibilak granada batekin Hernanin eta bere garaian pasarte esanguratsu eta bortitza izan zen. Kortatuk ere egin zuen horren inguruan abesti bat eta guk ere omenaldia egin nahi izan diegu hura sufritu zutenei», kontatu digu Egañak.
Estilo berdinaren barruan sartzen dira kantu guztiak. Punk-oi delakoan, baina lehendabiziko abestiek punk-rock amerikar surflarira eramaten gaituzte. «Bost pertsona gara taldean eta erreferentzia desberdinak izateak kantu batzuk makarragoak eta besteak goxoagoak-edo izatea dakar», aipatu digute Brigade Locoko kideek.
Bigarren kantuan, NOFX taldearen estilo azkar horretan, erlijio kristauari egurra eman diote. «Oierren ideia izan zen kantuarena. Lerro batzuk idatzi eta ekarri ondoren, gaia lantzea interesgarria iruditu zitzaidan. Izan ere, Eliza katolikoaren gainbehera ikusi dugu, komatxo artean bada ere. Dena dela oraindik ere nola dabilen ikusita eta izan dituen istorio beltz guztiak izanda, hori guztia islatu nahi izan dugu kantuarekin», nabarmendu du Egañak.
Erresuma Batuaren eta Irlandaren arteko gatazka ere presente izan dute. Elizarekin gertatzen den moduan, puri-purian egotetik hozkailura pasatzen den gai horietakoa delako Irlandako gatazkarena. Landerrek asko sakondu du, Ipar Irlandan askotan egon da «eta gatazka oraindik presente dago. Hartara, gure aletxoa jarri nahi izan dugu gaia landuta. Berriz ere lehen planora ekarri nahi izan dugu Irlandako gaia, memoria ariketa bat egiteko», azaldu digu.
Gazteon konformismoa eta horri esker sistemak lortu duen garaipena salatu nahi izan dituzte “Inperfekzio perfektua” abestiarekin. «Gazteok etengabeko kapitalismoaren eredura ohitzen gara erraz eta espiral horretan bizi garela salatu beharra zegoen. Gazteok egiten dugun bizitza markatu hori salatu nahi izan dugu», esan digu Egañak. Aznal kritikoagoa izan da: «Askotan entzun behar izan dugu ea zergatik esaten ditugun halako gauzak. Markotik irteten gara eta horrek kritikak jasotzea edota askoren begitarako eredugarriak ez izatea dakar».
Sound of Sirens estudioan grabatu dute diskoa, Julen Urzaizekin. «Erosotasuna eman zigun bertan diskoa grabatzeak eta, gainera, lana oso fin egin du Julenek». Buelta asko eman zizkioten kaleratze datari. Diskoa kaleratu zuten lehendabizi jendeak erosteko eta orain kantuak igotzen ari dira. Diskoa erosi duenari errespetua erakutsi nahi izan diote. «Jendeak diskoa erosteko esfortzua egiten du eta horrela gozatzen dute. Hortaz, lehendabizi haiek entzun dezatela eta gero, kaleratu behar izaten direnez, sarean joango gara kantuak zintzilikatzen».
Diskoak Euskal Herrian zabaldu zituzten hainbat tabernatan, baina oraintxe non dauden eta zenbat geratzen diren zehatz ez dakite. Banaketa beraiek egin dute, baina mugikortasunari ezarritako mugek asko eragin die guztia nahi bezain ondo egiteko. Dena den, beren webgunetan diskoak, biniloak eta bestelako materialak eros daitezke.
NAIZ Kontzertuak
Azpeitiko Sanagustin gunean eman zituzten kontzertuak gogoan izango dituzte betiko. Formatu berrian, zalantzekin, urduri, beldurrez, gogoz… Horrela igo ziren oholtzara. «Asteburu polita izan zen eta sentimendu kontrajarriak genituen arren, aurrera atera zen guztia eta pozik geratu ginen. Garagardo eta mugimendu gabeko kontzertuak zailak dira guretzako, baina zaleek sekulako erantzuna eman zioten egoera berriari».
Zuzenean aritzeko beste aukera bat izango dute orain urtarril bukaerako NAIZ kontzertuetan. «Hilabeteotan ez dugu kontzertu gehiegi eman. Egoera berri honetako kontzertu moldean gehiegi ez aritzen saiatzen gara. Ez da guk nahiko genukeen formatua, eta, hein batean betetzen gaituen arren, ez gaitu guztiz betetzen», aitortu digute. «Dena den, Des-Kontroleko lagunekin eta Manexen etxean jotzeak ilusio berezia egiten du. Kiroldegia, gainera, okasio berezietarako soilik zabaltzen dute. Hala ere, zutik eta garagardotan bustitako kontzertuen beharra dugu», gaineratu dute. Tartean behin eta nahi dutenetan eskainiko dituzte halako kontzertuak. Hortaz, Brigade Locoren zaleek badakizue, urtarrilaren 23an ez hutsik egin, oso aukera gutxi izaten ari baikara haien doinuez zuzenean gozatzeko.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
