Mikel IRASTORZA
BAIONA
Entrevista
AMAIA FONTANG
ETORKINEKIN KOLEKTIBOKO KIDEA

«2021ean ere Euskal Herria harrera herria izanen da»

Azken urte hauetako giza arazorik larrienetarikoa da migranteak pairatzen ari direna. Eta jatorriz larria bada, covid-19ak eragindako krisi sanitarioak azkarki okertu du pertsona hauen egoera zaurgarria. Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko kideak, haatik, joan berri zaigun urte malapartatuan elkartasunezko borroka azkartu egin dela baieztatu du Kazeta-ri eskainitako elkarrizketan.

Etorkinekin kolektiboaren iritzian, zeintzuk izan dira itxi dugun urteko gertakari nagusiak migranteen gaian?

Lehenik, elkarteen sokorri itsasontziei emanak izan zaizkien trabak, debekuak, anartean ehunka jende itsasoan itotzen ari zirelarik. Migrazioaren bideek drama izugarriak dakartzate eta 2020an ere ehunka izan dira Atlantiko edo Mediterraneoaren uretan desagertuak, guztiz gehienak afrikar gazteak identifikatu gabeak. Urteko azken hiru asteetan 400 gazte hil ziren ontzia hondaturik, isiltasun hilgarrian, onartezinezko ezaxolatasun gaitzesgarrian.

Bigarrenik, frantses Estatuan paperik gabekoen oldartze mugimendua azkartu da 2020an, hiru gairen inguruan: paperak denentzat, erretentzio zentroak hetsi eta bizitegi duin bat denentzat. Irailaren 19tik urriaren 17ra Estatu osoko hiri eta herrietan, paperik gabekoek milaka kilometro egin dituzte, Parisen elkartzeko. Denetan elkartasun kolektiboak muntatu dira.

Eta abenduaren 18an, migrazioen nazioarteko eguna kari, milaka paperik gabe eta haien sustenguak herriko etxeen aitzinean bildu ziren. Iparraldean ere mobilizatu gira, sekulan baino jende gehiago bilduz. Hego eta Ipar Euskal Herriko kolektiboen arteko elkarlana azkartu da ere 2020an, mugaz bi aldeetan harrera eta laguntza koordinatzeko baita ere salaketa ekintza amankomunak antolatzeko.

Bizi dugun osasun krisia nolako eragina ari da izaten esparru honetan?

Eragin handiak izan ditu migranteengan 2020an eta segitzen du izaten: migrante anitz karrikan bizi dira, nahas-mahas, ezin sinetsizko baldintza sanitarioetan, bereziki hiri handietan. Egoera horrek birusa hedatzeko baldintzak azkartzen ditu.

Berdin, erretentzio zentroetan metatzen dira, koronabirus kasu anitz izan dira horietan, horregatik hainbat elkartek eskatu zuten CRA horien hestea, baina ez dira entzunak izan.

Eta egoera sanitarioaren beste ondorioetako bat: lan sektore batzuetan, bihotz zimikorik gabeko nagusiek paperik gabekoak erabili dituzte, lan eginarazteko beharrezko diren neurri sanitarioak hartu gabe.

Eta 2021 berri honi begira jarrita, zein litzateke aitzinean den erronka nagusia?

Frantses Estatu osoan paperik gabekoen eta haien sustenguz ari diren kolektiboen koordinaketa azkartzea, lehen aipatu ditudan hiru errebendikazio horien inguruan. Sindikatek ere paperik gabeen erregularizatze borroka eraman dute. Deia egin dute ondoko asteentzat, greba interprofesionaleko egun bat egin dadin paperik gabekoen berdintasunaren eta erregularizazioaren alde.

Iparraldean ere, paperekin ala paperik gabe, familiarekin etorriak ala bakarrik, adin txikikoak ala helduak… gure artean bizi dira, gure hiri eta herrietan, kostaldean nahiz barnekaldean. Eskolara joaiten dira, lanera ere batzuk. Kirola eta musika gure gazteekin egiten dute, elkarteetan bolondres bezala aritzen dira... 2021ean, jende guzi horiek argitan agertzen segitzea da gure helburua, hemen ere denentzat paperak lortzeko. Euskal Herria harrera herria izanen da ere 2021ean.