Jon ORMAZABAL

Oinatz Bengoetxearen etengabeko azterketa

gara-2021-01-13-Noticia

Azken hilabeteak bereziki gogorrak izan badira ere, Oinatz Bengoetxeari ia denetik gertatu zaio profesional gisa daramatzan 18 urteetan. Txapelak, lesioak, dezepzioak, jendearen estimua... Ikasgairik ere izan du tartean, garrantzitsuenetako bat, kantxan irabazi behar izan duela heldu zaion ia aukera bakoitza, eta horregatik argi dauka frontoira irteten den aldiro azterketa bat gainditu behar duela.

Azken 16 urteetan Binakako txapelketan titular postua irabazi ostean, aurten kanpoan geratzea tokatu zaio, eta kiroltasunez hartu du aurten kanpoan geratu beharra. Iñaki Artolaren lesioak, ordea, lehiaketara itzultzeko aukera eman dio Binakakoaren hirugarren jardunaldian eta ilusioz hartu du erronka, nahiz eta ondo dakien, datorren astean ere jokatzen jarraitu nahi badu, itxura ona eman beharko duela ostiralean Zornotzan Peña II.a eta Albisuren aurka. «Iñaki osatzerako hiru edo lau partida gutxienez izango dira, baina nik badakit ez naizela ordezko finkoa eta, nire mailarekin, partidaz partida demostratu beharko dut ordezko postu hau merezi dudala eta saiatuko naiz paper ona egiten», azaldu zuen.

37 urte betetzear dela, argi du «pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago kostatzen» zaiola gazteekin lehiatzea. «Esperientzia irabazten ari dira, oso arinak dira, indartsuak eta badakit poliki-poliki postua kentzen joango direla. Aspalditik dut argi».