Iker GURRUTXAGA
IRUÑEA

Musika eta elkartasuna prest, dispertsioaren zama arintzeko

«Zama doinuz arindu» jaialdiaren seigarren edizioa izango da aurtengoa. Egoerak behartuta, ordea, zuzeneko emanaldiak «streaming» bidez eskainiko dira Etxarri Aranatzetik mundura. Bihar, 18.00etatik aurrera, eta dispertsioak dakarren zama arintzeko helburuak batuta, hainbat musikarik hartuko dute parte. Eñaut Elorrieta, Zetak, Skaiketan, Anita Parker eta Erramun Martikorena arituko dira, besteak beste. Sarrerak hamar euroan salgai daude.

Lanez leporaino dabiltza Etxarri Aranatzen “Zama doinuz arindu” antolatzen. Lan ugari, baina boluntariorik ez zaie falta: «Herriak ilusio berezia du ekimen honen bueltan. Eguneroko errealitatean presoen gaiak zama handia sortzen du. Gaur egun sei preso ditugu Etxarrin eta azken 35 urteetan sufrimendu hori ekuaziotik kendu ezinda gabiltza. Kilometroak, arriskua, gastua… Hori arindu nahian sortu zen jaialdia eta horrekin jarraitzen dugu», azaldu du Mikel Mundiñano kideak. Urtean zehar egiten diren gainerako ekimenak bertan behera geratu ostean, “Zama doinuz arindu” nola egin erabakitzerakoan zalantza ugari izan zuten. «Kultur Etxea txikia da eta aurten bertan ezin zen egin. Baina urtea izan den bezalakoa izanda, zama inoiz baino gehiago arindu beharra sentitu dugu».

Zuzenekoa mimoz prestatu eta zirrara hori pantaila bidez ahalik eta ondoen transmititzen saiatuko dira aurten. «Gurea bezalako herri txiki batean halako ekitaldi bat egitea gauza handia da», adierazi du.

Musika protagonista

Denetariko doinuak izango dira, eta, besteak beste, Erramun Martikorena arituko da. «Oraindik ere zer nolako ahotsa duen bere adinean, zer indar eta zer nolako gaitasuna, transmititzeko. Aurretik ere bazuen Etxarriko herriarekin harremana, baina halako ekarpen bat egitea sekulakoa da», nabarmendu du Mundiñanok.

Artistak ez errepikatzearen alde apustu egin dute eta erronkari eusteko gai izan dira. Horrek erakusten du sortzaileek zer nolako elkartasuna adierazten dioten jaialdiari. «Kontuan hartu behar dugu guztien artean egon daitezkeela ezberdintasun ideologikoak eta hori normala eta sanoa da. Baina helburua partekatzen dugu, sufrimenduari bukaera eman behar zaiola. Eta hori da balioan jarri beharrekoa».

Toki txiki eta goxoa da Etxarri Aranatzeko kultur etxea. Ez dira 220 pertsona baino gehiago kabitzen eta urtero egiten dituzten bi emanaldietan sarrera guztiak saldu izan dira. Hartara, akustikoan eginiko jaialdia izaten da. Aurten, ordea, streaming bidez izango da. 18.00etan hasi eta 24 orduan egongo da ikusteko aukera. Sarrera eskuratzen dutenei, igandean bertan helaraziko diete jaialdia ikusteko lotura.

Musikaz aparte, bestelako ikuskizunak izango dira, Spray, Erlantz Esteban eta Xabier Silveiraren eskutik. «Gai asko jorratu izan dira: tren bidaia Parisera, motxiladun umeen egoera, eskubide urraketa desberdinen eraginak, herriko preso baten egunerokoa… Horiek sketch bidez kontatu izan dira eta aurten ere halako zerbait izango da», iragarri dute.

Martikorena edota Eñaut Elorrietarekin doinu goxoak izango dira, Skabidean taldearekin erritmoa handitu egingo da, Zetak taldeak emanaldi akustikoa egingo du, Brigade Locok egurra banatuko du eta Anita Parkerrek festa kutsua emango dio elkartasun jaialdiari. Sarrerak salgai daude Etxarriaranatz.eus-en.