Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Angeluhandia, zooma baino lehen!

Urtarrilean urtarrileko kontuak, hau da, aurre-kontuak… Legebiltzarrean eztabai, edo. Aurton ere, iraganeko normaltasun berritik etorriak direnez, badago atze-kontuak deitzerik, hobeto ulertze aldera. Izan ere, jeltzaleen kontuen intzidentzia metatua kontuan hartzekoa da. Are gehiago kontuan hartu, kontuok gizartearen sektore askoan, eta naturaren ingurumen osoan, duten eragina. Eztabai? Bai zera, ez! Aulkien aritmetika oinarri, egonkor ei den Gobernu egoskor batentzat ez dago euren baiari ezetz esaterik. Gobernantza? Hutsaren pareko antza! Kontua ez da errotonda onaldi ofizialean kudeatzea, krisialdietan errotondatik ganoraz ateratzen ikastea baizik: Nola atera Nora sartzeko.

Total, Lakuatik kontu-kontari; azken hauteskunde gaua kantu-kantari hasi zirenez… Errealismoa eskatzen zaie Gobernutik oposiziokoei, baten bati gehiago, kontuak errealismotik ez ezesteko. Bai zera, errealismo gel-tzalearen kimera! Paparra aterata ari dira pandemian, ate guztietan gela egon behar denez! Birakarietan ere bai! Bada, kontuena zoom bat egitea bezalakoa da, eta zoomak ezin ganoraz ulertu aurretik angeluhandia zehaztu barik. Aurrekontuen kontua ez baita zenbat den gastatzeko, gastatzeko zenbat behar den aurretiaz jakin eta horra bideratu gobernantza.

Tira, sasi-errealismoaren harira? Errealismoa ote monarkia errepublikaz janztea eskatzea? Estatutuaren iraungipen-data joana ez dela aitortzea? Jaungoiko haren lege zaharrak Euskadi Next 21eko zerrenda egiten lagundu duen enpresa berak idatzi ez zituela pentsatzea? Errealismo irreala gero! Hotza, hori bai erreala, kalean sikiera! Badira etxeratze ordua lehenbailehen aurreratu dezaten gura dutenak! Etxegabeak gogoan. Baita kaleratze ordua atzeratu ere. Kaleko etengabeko konfinamenduan dira. Udalerriaren gorriak ere ez ditu berotzen. Angeluhandia!