Maite UBIRIA BEAUMONT
ZORTZI PASABIDE

HERRIAK ERRESPETATUZ ZUBIAK IREKITZEKO ESKATU DUTE SARAN ETA IRUNEN

PIRINIO ATLANTIKOETAKO PREFETURAK AGINDU BERRI DUEN ZORTZI PASABIDEEN ITXIERA SALATZEKO MOBILIZAZIOAK EGIN ZITUZTEN, ATZO, SARAN ETA IRUN ETA HENDAIA LOTZEN DITUEN SANTIAGO ZUBIAN. EUSKAL HERRIAN MUGARIK EZ DELA BEHAR ESAN DUTE EH BAI ETA EH BILDUKO ORDEZKARIEK, 200DIK GORA LAGUN BILDU DITUZTEN EKIMEN HORIEN BIDEZ.

Frantziar Estatuak indarrean jarri duen segurtasun egitasmoaren baitan 4.800 bat poliziak jardunen dute Hexagonoan, eta horietatik ehunka batzuek Ipar Euskal Herriko herri, errepide eta bereziki muga pasabideen «zaintza» hartuko dute.

«Polizia horiek guztiak baino, erizain gehiago behar dugu bizi dugun pandemia garaian», oroitarazi zuen, atzo, EH Bairen izenean Arturo Villanuevak. Pertsonen bizitzak aintzat hartzeko garaia dela gaineratu zuen, eta horretarako, Santiago zubian deituriko ekimenarekin bat egin zuten 150 bat lagunen aurrean «zubiak irekitzea xede, kaleak hartzen» jarraitzeko deia egin zuen.

“Euskal Herrian mugarik ez” zioen pankartaren atzean zegoen Itziar Varelak GARArekin hizketan azaldu zuenez, «Hendaiako herritarrek ez dute inondik inora ulertzen zergatik itxi dituzten berriz ere muga batzuk».

Behobia eta Biriatuko pasabideak zabalik utzi badituzte ere, Santiago zubian bezala, pasabide horiekin ere kontrolak atxikiko ditu frantziar Poliziak.

Macron europazale?

2017an frantziar presidente hautatu zutenean agintari europazale gisara aurkezten zuten Emmanuel Macronek muga guztietan kontrolak berrezartzeko agindu zuen azaroan. Geroztik, covid-19ari aurre egiteko protokoloek baimentzen dituzten «beharrezko jarduerak gauzatzeko» egunero-egunero euskal pasabide nagusiak zeharkatzen dituzten milaka herritarrek “check-point” horietan nahitaez gelditu behar dute. Aldiz, erabat itxi dituzte Hendaia eta Hondarribia itsasoz lotzen dituen txalupa-zerbitzua eta Hendaiako geltokitik gertu dagoen merkantzietarako zubia.

Egoera dezente larriagoa da bertze hainbat herritan; Saran, kasu. Herria kasik isolaturik gelditu da; izan ere, saratarrek Bera, Etxalar edo Zugarramurdiko auzoetara joateko baliatzen dituzten pasabideak hesituta baitituzte. Egoera horren aurrean, mugak irekitzeko eskaera «bizitzaren aldeko pario» gisara auzketu zuen Villanuevak.

Interpelazioa Madrilen

Iragan udaberrian, mugaz bi aldeetan pandemiari aurre egiteko ezarri zuten konfinamendua zela-eta erabaki zuten estatuek igarobideak ixtea. Oraingoan, «terrorismo jihadistaren aurkako borroka» aipatu du Prefeturak zortzi bat pasabide ixteko. Aipaturiko Hendaiako bi pasagune horiez gain, Lizuniaga (RD406), Lizarrieta (RD306), Sara (Berruet bentatik), Izpegi, Aldude eta Larraineko pasabideak itxi zituzten joan den ostegunean «inork ez dakien eperako», Varelak azpimarratu duenez.

Espainiar Kongresuko EH Bilduren taldeko kide Jon Iñarritu izan zen atzo Irun eta Hendaia arteko mobilizazioan. Bertan jakinarazi zuenez, mugak kudeatzea estatuen eskuduntza izanik EH Bilduk bai espainiar Kongresuan bai Senatuan interpelazioa aurkeztu berri du auziari buruz azalpenak eskatzeko.

Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa ere egoerarekin kezkatuta agertu da, eta Parisko gobernuari eskatu dio mugaz bi aldeetan bizi diren herritarrei eta mugaz gaindiko langileei eginiko kalteak konpontzeko urratsak egin ditzala. Udalbiltzak ere kexa agertu du, baita Urepele, Sara eta Larraineko auzapezek ere.

Era berean, Iñarrituk larritzat jo zuen berriz mugen itxiera agintzea, Europar Batasunaren oinarrian dagoen «pertsonen mugitzeko eskubidea» murrizten baitu.

«Euroeskualde batean gaude, eta behin eta berriro alde batean edo bestean bizi diren herritarrei oztopoak jartzea ez da onargarria; horregatik, galdera egin dugu Madrilen, baina Euskal Herrian ere ondo legoke erakundeek honi buruz zerbait esatea », gehitu zuen diputatuak.