Kutxa bira
Mundua dabil biraka etengabe, lurbira, eta haren barnean gabiltza euskaldunok, elkarren zain sarri, elkarri begira. Bidasoaren alde honetan iparrik galdu gabe oinarrietara so, Bidasoaren alde horretarat hego haizeak zer ekarriko itxaroten. Iparra eta Hegoa, elkartu beharreko bi lurmutur, haren karietara sortu zen duela hogeita bost urte Iparra Hegoa elkartea, «harremanak sendotu, kultura elkartrukatu, gerturatze guneak sortu eta Euskal Herria osatzen lagundu» asmoz. Eta berritzen doa asmoa, jende berria biltzen bere aletxoa jartzera. Ideia polit bat atzeman dut sarean. Amets Arzallus ageri da hizketan. «Hitza da gure lurra, lur hau ez da gure jabetza, bizi garen lur hau guretzat zelako promesa ez zuen inork egin, ez zigun inork hitzeman, hitza guk eman genion lur honi, auskalo noiz eta nondik hona iritsi ginenean, babes beharrean, hemen landatu genuen gure hitza eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria deitu dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea, hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra, hitza da gure lurra». Kutxa batean sartzen duen mezua dela dirudi, eta kutxa hori itzulika arituko dela mezuak biltzen martxoak 20tik maiatzaren 30era. Hainbeste kutsaduraren erdian, “Bizi gira, kutxa bira” haize berriko arnas begitantzen zait, gure herria ez dutela mugatu ahal, ez eta mendean hartu adierazteko modu dotorea. Ekimen eta festak beharrezkoak baitira ekonomikoki indartu behar diren proiektu estrategikoentzat, baina sozialki betetzen duten funtzioa, konplizitateak saretu eta autoestimua indartzeaz gain, zatiketa, urruntasuna eta isolamendua saihesteko bide emankorra dira. Bira!

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
