Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Torturaren egunak

Zein ironikoa Torturaren Aurkako Egunaren biharamunean Maiteminduen Eguna etortzea, giza ankerkeria gorenak eragiten terrorearena eta gizakiok elkarri eskain diezaiokegun ederrenarena. Egutegiko bi egun soil ere badira, otsailaren 13a eta otsailaren 14a, besterik gabe, jende askorentzat: torturaz, torturatuez eta torturatzaileez ezer jakin nahi ez dutenentzat, adibidez, edo izan badela sinetsi ere egiten ez dutenentzat, esaterako; bikotekiderik ez dutenentzat, kasu, edo maitasun-itxaropena belztu samar dutenentzat edo, nahiz eta bikotea goretsi, kontsumismotik aldenduta bizi nahi dutenentzat.

Zein ironikoa Torturaren Aurkako Egunean, hain zuzen, Espainiako estatuak eman duen torturatzaile oparo eta krudelenetarikoa zendu izana, koronabirusak jota; eta ez espetxean, egon behar zuen tokian, harentzat 75 urteko kondena luzea aise joan zelako bost urte eskasean, haize leuna bezala ia oharkabean. Haren gorpuan betiko harrapatuta joan dira, halaber, orduko estatu hark jeneral bihurtuz erosi zizkion sekretu zikin haiek guztiak, bake gozoan bizi diren zenbait agintari ohiri beren erantzukizun erabatekoa ordainarazten lagunduko zutenak eta hainbeste torturaturi bake zertxobait erdiestea ahalbidetuko ziotenak. Baina ez, jendartearekiko zor hura kitatzeko duten ugarik orain arte baino are lasaiago egingo dute lo joan den zapatutik aurrera; pasa den zapatu horretan bertan torturen gaineko beren testigantzak eskaini zituztenek, baita isiltasunari eutsita ahanzten saiatzea hautatu dutenek ere, ordea, beste harritzar bat dute zor zaienaren ordainerako bidean, «Espainiako kalitate demokratikoa» eta enparauak entzun behar izanda, oraindik ere.

Ironikoa ez dakit, baina zein irentsgaitza bai, behintzat, hor dagoen lokatz horren guztiorren ostean, nahiz izan genuenok gure hiriko kaleetan besteak beste torturatzaileen lanabesak (ofizioaren gauzak) ikusi eta torturatuen garrasiak entzun ondoren, hurrengo eguna jendea esku bete lore-sorta osasuntsu askoaz gainezka urratzea, odolaren gorri bizi horrekin berarekin koloreztaturiko bihotz puztu ederrez... zer eta hainbeste pertsonaren –bereziki badakigu zeinen– tortura betikotzen segitzen duen maitasun-kontzeptua ospatzeko: amodio erromantiko-saihetsezin-betierekoa, maitale askok eta askok pozarren giltzarrapo batean irudikatzen dutena.

Zein ironikoa, eta etsigarria, batez ere, Torturaren Aurkako Egunak eta Maiteminduen Egunak objektu bera izatea ikur...