Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Barruak mugiarazi

Ni beti izan naiz letretakoa; zenbat eta puruagoak, hobeto. Zenbaki erromatarrekin batera jaio zitzaidan zientziekiko ezin ikusia, ez nuen ulertzen zergatik ikasi behar genuen hura, zenbaki «normalak» hain errazak izanik; zer behar? Berdin fisikarekin, kimikarekin... ulertezintasunezko infernu hutsa. Normala, inork ez baldin badizu azaltzen, ikusarazten, horrekin guztiarekin zer lor daitekeen, nola gauzatzen diren zuretzat ulergarriak diren errealitateetan. Tamalez, orduko hezkuntza-ereduan inork ez zuen haur-nerabeei zientziaren alde zirraragarria, liluragarria, irudikarazteko lanik hartzen.

Interesik ez nien sekula jarri zientziei, eta esparruarekin lotuta izen batzuk baino ez ditut atxiki: Newton, Arkimedes, Einstein, Pitagoras, Darwin, Galileo Galilei, eta emakumezko bat, Marie Curie, nahiz eta zehatz-mehatz ez dakidan zer aurkikuntza egin zuen (hau bukatu bezain laster, Googlen bilatuko dut!).

Nire buruan, zientzialariak, gizateriarentzako ezinbesteko aurkikundeen egile jenio buruargiak, gizonezkoak izan dira beti, bai irakasleek bai liburuek hala erakutsi zidatelako; baita, dena esan beharra dago, ni nire aldetik batere arduratu ez naizelako ere ezkutatzen zaigun emakumeen historia zabalean zientziarekin loturikoaz ikertzeaz. Beharbada, buruketa-formula-sinbolo haiek zerbait esan izan balidate, barrua mugiarazi, irudimena sustatu...

Literaturak, filosofiak, arteak... bezalaxe. Horrexegatik ohartuko nintzen, ziurrenik, gaztaroko une jakin batean, gizonezkoen obrak besterik ez nituela ezagun, bai irakasleek bai liburuek helaraziak, eta atentzioa eman zidan, harridura-marka nabarmenaz eman ere: Baroja, Gabriel Aresti, Nietzsche, Heidegger, Da Vinci, Picasso...! Harrezkero, bilatuz, arakatuz, miatuz, galdetuz, finean berariazko ikerketa-lana eginez, zabaldu eta aberastu dut interesatzen zaizkidan diziplinen gaineko ezagutza, eta gozamena, gure jendarte hain aurreratu honetan batere ikusgai eta eskura ez daudenak.

Ez baldin bada, jakina, otsailaren 11, Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna, edo laster datorren Martxoaren 8a, edo nazioarteko egutegian andre-ez-dakit-zeri eskainitako beste data nabarmenen bat... Horrela gabiltza oraindik ere, noizbehinka emakumeon talentua egun baterako linternatxoaz argiztatzen. Nire esperantza bakarra da bai irakasleak bai testuliburuak, baita urte hauetan guztietan oro har jendartean eta zehazki hezkuntzan egindako lan zabalaren ondorioz egungo haur-nerabeen ikusmina zein jomugak ere, aldatu izana.