Maider IANTZI
GOIENETXE
MARTXOA

EMAKUME MIGRATUEN ZAINTZA LANAK, ERDIGUNERA

Emakume migratu eta arrazializatuak antolatzen ari dira. «Guk atera behar dugu gure eskubideak defendatzera», diote. Bertako mugimendu feministarekin batera, begira nolako Martxoaren 8a prestatu duten, antiarrazismoa lehen lerroan jarriko duena.

Martxoaren 8 hau ezberdina da. Ez du balio mugimendu feminista antirrazista dela esateak. Zer egiten ari garen galdetu behar dugu. Benetan ari gara inplikatzen? Behetik, lokatzetatik hasi nahi dugu?». Horrela mintzo dena Maria Juancay da. Ekuadortarra sortzez, 21 urte daramatza Bilbon bizitzen. 14 urtez mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaindu ditu, batez ere alzheimerra dutenak. 2018an Euskal Herriko mugimendu feministaren koordinakundean sartu zen eta orain, emakume migratu eta arrazializatu talde batekin Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias izeneko elkartea sortu du Bizkaia mailan. «Pandemiaren aurretik bost ginen eta gaur egun, 125: sahararrak, marokoarrak, nazionalitate eta lanbide ugaritakoak, batera ari gara zaintza lanen aitorpenaren alde».

«Gure lanari esker sostengatzen da sistema. Eta ez dugu baldintza zapaltzaileetan zaintzen segitu nahi. Atsedenarekin lotutako gure eskubideak defendatzen ari gara. Hiztegia aldatzen ere bai: ez dugu ‘interna’ esaten, ‘eguneko lanaldiko langileak, gaueko lanaldiarekin bateragarriak’, baizik, sistema zapaltzailea azpimarratzen ez segitzeko».

Aurtengo Martxoaren 8ko mezu nagusiak, Euskal Herri mailan, sistema arrazista arrakalatzeari egiten dio erreferentzia, mugimendu feministak emakume migratu eta arrazializatuen gorputzak eta bizitzak erdigunean jartzea erabaki duelako. Izurritearen ondorioek gogor erasan dituzte. «Alarma egoeran egon garen denbora honetan guztian egunero ateratzen ginen osasun langileak txalotzera, baina inork ez zuen esaten pertsona nagusien ehuneko bat etxean isolatuta zegoela eta bertan emakume bat zegoela babesten. Ez gara oroitu milaka emakume horiez», ohartarazi du.

«Egoera irregularrean daude. Batzuek pertsona nagusi hori zaintzen gelditzea erabaki zuten, berarekin konfinatuta, lana babesteko eta baita pertsona nagusiaren osasuna zaintzeko ere. Indarkeria ugari jasan dute, jendartearen arrazakeriaren fruitu». Honakoa erantsi du Juancayk: «Behin erabateko konfinamendua amaituta, adinekoen familiek ez zuten langile hauekin enpatizatu eta esan: ‘Lasai, orain ni geldituko naiz berarekin eta zoaz zure atseden orduez gozatzera’. Emakumeok jarraitu dute pertsona nagusi horiek zaintzen. Ez dira eguneroko oinarrizko beharrak bakarrik; arlo emozionala ere hor dago eta zure buruaren psikologo izan behar duzu».

Zaintzaileek eta zainduek konfinamenduan pasatu duten bakardadeari erreparatzeko eskatu du zaintzaile eta militante feministak. «Izugarria da! Bertako jendearekin hitz egiten dugunean, zera eskatzen diogu: ‘gu aterako gara zuen pribilegioez gozatzera eta zuek probatu gure lana. Hortik soilik mintzatuko ginateke berdinetik berdinera’».

Torre de Babel emakume migratuen elkartean militatzen hasi eta indartu egin zen Maria Juancay. «Zaintzan lan egin dudan denbora honetan guztian ez dudalako eskubiderik izan sozializatzeko. Baina antolatzen eta ahalduntzen ari gara, eta ez dugu onartuko inor emakume migratuen defentsaren banderarekin ateratzea. Hedabideei ere esaten diegu: ‘Ez dugu nahi pornomiseria saltzerik’». Bere ustez, bidezkoa da identitate eta borroka ezberdinak izatea. Eta elkarrekin lan egiteko «benetako borondate politiko eta soziala» behar da. «Emakume migratu eta arrazializatuen borroka, ijitoena, sahararrena, indartsua da Euskal Herrian. Eta garrantzitsua da ditugun espazioak baloratzea. Autonomiaren, independentziaren eta pertsonen eskubideen aldeko borroka herri honen ezaugarria da».

Mobilizatzeko eskubidea, jopuntuan

Antiarrazakeria eztabaidagai izan du Euskal Herriko mugimendu feministak eta bereziki 2019ko Durangoko jardunaldietatik bere barneko arrazakeria bistaratu eta lantzen ari da. Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak adierazi duenez, «oso interpelatuta» atera ziren jardunaldietatik. Hiru etxeko lan jarri zizkieten: zaintza globalaren krisiaz hausnartzea eta urratsak planteatzea; feminismo antirrazista bat artikulatu eta eratzeko lan egitea, emakume arrazializatuen teoria dekolonialetatik ikasiz, euren lidergotza errespetatuz eta, nola ez, barne arrazakeria aztertuz eta buelta emanez; eta, aurreko bi helburuei bide emanez, agenda feminista bateratu bat eratzea. Militantearen arabera, tamalez, badirudi azken asteetan eztabaida desbideratu egin dela, manifestazioa egin ala ez izan baita gaia eta «aldarrikapen feminista eta antirrazista egitea, zaintza kate globalaren logika jopuntuan ipintzea, bigarren mailara» pasatu baita. «Eskuinaren edo eskuin muturraren estrategia irabazten ari dela dirudi: aldarrikapen feministak bigarren planora pasatu eta mobilizatzeko eskubidea jopuntuan jartzea».

Torrealdaik baieztatu duenez, mugimendu feministan egin diren hausnarketa eta aldarrikapenak gako izan dira osasun eta jendarte krisi honetan. Besteak beste, zaintzen aldarrikapena. «Garrantzitsua da bizitzak erdigunean jartzen dituen espazioaren eraketa aipatzea. Euskal Herri mailan hainbat eragile eta norbanako feministarekin sortu den espazio bat da. Bertan, batez ere lanketa diskurtsibo eta teoriko bat egin da. Zaintzen irakurketa feminista, ekonomia feminista batetik, bere esparru osoan ikusita, eremu pribatuan eta dohainik egiten direnak barne hartuta. Hortik hasita, aliantza soziosindikal handi batekin euskal zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko pausoak emateko beharra azaleratu da».

Kontatu duenez, tokian toki mugimendu feministako kideek zaintza sareetan parte hartu dute, izurritearen hasierako premia larriei erantzuteko. Eta, jende pilaketak ekiditeko, era deszentralizatuan antolatu dira, auzoz auzo eta herriz herri. Modu berean mobilizatuko dira gaur, «erdigune eta bazter guztietan», kalera ateratzea «inoiz baino beharrezkoagoa» delako.

«Batez ere greba feministetatik gure antolakuntza asanbladetan eta parte hartze anitzetan oinarritu da eta covidaren aurkako segurtasun neurriek ekarri dituzten mugekin gure antolatzeko era birplanteatu behar izan dugu. Harremanetan eta egunerokotasunean arrisku batzuk ikusi ditugu, ea nola birpentsatuko dugun gure egiteko era. Urtebete pasatu da eta horretan gabiltza, aurreko urteetako ikusgarritasuna galduko dugula kontuan hartuta, gure aldarrikapenak eta intzidentzia ez ahultzeko antolatzeko erak birplanteatzen», azaldu du Torrealdaik.

Kolektiboak bizirik irautea, erronka

«Ipar Euskal Herrian seietan etxeratzeko agindua dugu, elkartzeko kopuru mugatuak, gune kolektibo-publikoak itxiak. Internet bidezko bileren bidez ari gara, baina emaitza ez da berdina. Urtebete pasatu da eta lortu dugu Azaroaren 25aren eta Martxoaren 8aren kari zerbait antolatzea. Jendeak eskertu zuen Azaroaren 25ean, indar asko eman zigun denei. Baina lortu dugun bakarra hori izan da», aitortu du Jenofa Berhokoirigoin Ipar Euskal Herriko Asanblada Feministako kideak. Asanbladaren baitan bazuten ohitura hilabetero elkartzeko, hausnarketa eta ahalduntze kolektibo bat egiteko, eta une horiek ez dituzte ukan aurten. Orain, «erronka nagusia aitzina egitea» dute. «Kolektiboaren indarra bizirautea».

Elkar zaintzaren beharra aldarrikatu du militante feministak, «kolektibotik abiatuta, alde iraultzailetik. Feminismoak egoera aldatu nahi du, eta errotik. Bada alde iraultzaile hori entzunarazteko premia gaur egungo egoeran, argi gelditzen baita bizitza eta elkar zaintza ez direla batere zentroan».

Martxoaren 8ra begira herriz herri modu autonomoan antolatu dira Ipar Euskal Herrian, baina hitzordu nagusia, talde guztiek batera deitu dutena, Baionakoa da. Estatu frantsesean greba antolatua dago eta LABek ere deitu du lokalki. Horrek aukera emanen die herritarrei eguerdian izanen den manifestaziora joateko. Ez da ohiko martxa bat izanen. Ospitaletik abiatuko dira, erizainei elkartasuna erakusteko eta hortik hainbat puntutara joanen dira krisi global honen egoerak salatu eta aterabideak azaltzeko. Adibidez, emakume etorkin batek hartuko du hitza eta Emakumeen Mundu Martxari eginen diote begi kliska.

Itziar Gandarias: «Defendatzeko entzuten dugu elkar, ez bestea ulertzeko»

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak arrazakeriaren aurkako ekintzak egin ditu herri ugaritan. Azkena, joan den larunbatean, Irun-Hendaian. Itziar Gandarias bertako militante eta Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Gizarte Hezkuntzako Fakultateko irakaslearen arabera, ekarpen handia egiten ari da Mundu Martxa, «autokritika egiteko, eraikitzeko. Askotan kulpatik bizitzen dugu dekolonialitatea eta kulpak desaktibatu egiten gaitu, gelditu. Asko dakigu honetaz emakumeok. Baina kontziente izan behar dugu zer eragin daukan okupatzen dugun lekuak. Zuritasun hori okupatzen dugu eta horrek ondorioak ditu». Erantzukizun hori hartuta gauza praktikoak egin ditzakegula aldarrikatu du. «Adibidez, etorkinei errolda lortzen lagundu».

Izurritearen ondorioetan sartuta, ekonomiaren, jendartearen eta osasunaren krisia ezin direla banatu azaldu du, bizitza bera baitago krisian. «Gure bizitzak zaurgarriak dira eta interdependentzia aldarrikatzen dugu».

Feminismoak “normaltasun berria” gaitzetsi du. Izan ere, zer da normaltasuna? «Pandemia aurrekoa ez zen normaltasuna».

Feminismo intersekzionalaren kontzeptua lantzen du Gandariasek. Azkenaldian arrakasta handia izan du, baina ez da berria. 60ko eta 70eko hamarkadetako AEBetako emakume beltzen borroketatik dator. Horiek arrazismoaren kontra egiten zuten beren kide gizonekin, baina kontziente ziren patriarkatuaren ondorioak pairatzen zituztela.

Intersekzionalitateak gure bizi esperientziak ardatz ugarik gurutzatzen dituztela ulertzen laguntzen digu: generoa, adina, jatorria, klase soziala, gaitasuna, hizkuntza, hiria edo landa eremua… Eta begirada zabaltzen digu, betaurreko asko emanez, ez feminismoaren moreak bakarrik.

Gandariasen arabera, oraindik «amets bat da, eraikitzen ari gara», lehian jarraitzen baitugu, «ea nor dagoen zapalduago». Bidea elkar ezagutzea da. «Oraindik erronka daukagu benetan elkar entzuteko. Defendatzeko entzuten dugu elkar, ez bestea ulertzeko».

Beste ideia batzuk ere azpimarratu ditu: «Feminismoa kalekoa da, gorputza da, eta pandemiak hori zaildu duenez irudimentsuak izan behar dugu kaleak okupatzen jarraitzeko». Bestetik, barne mailan ongi dago batak bestea interpelatzea eta dena zalantzan jartzea, baina «proposamen zehatzak eta kolektiboak egin behar ditugu bizitzen ari garen garairako». Feminismo erosoaren aurrean adi egoteko deia ere egin du irakasleak.

Flavia Navarrete: «muchas mujeres se contagian del covid y pierden el trabajo»

Flavia Navarrete es trabajadora de SOS Racismo Nafarroa. Es de Nicaragua y comenzó a trabajar en cuidados en 2018. «He cuidado a personas mayores y con diversidad funcional. Luego trabajé de interna y conozco muy bien las condiciones: sin contrato, sin respetar las horas de descanso, con jornadas que empiezan a las 06.30 y terminan a las 22.00. El año pasado me saqué la certificación y en setiembre empecé a trabajar en la residencia San Gerónimo de Estella, con contrato y permiso de trabajo, ya que soy solicitante de asilo político. Tenía mejores condiciones en cuanto a horario, se pagaba según el convenio, pero sí que hay una carga de trabajo muy grande y con el covid se ha aumentado», comenta.

Indica que en el confinamiento muchas cuidadoras tuvieron que quedarse en casa internas por el miedo a enfermar o porque podían perder su trabajo. «Han pasado tres meses encerradas. Eso ha repercutido en su salud mental. No tener papeles, las calles militarizadas… Ha sido muy duro para el sector».

En SOS Racismo recogen denuncias y hacen red con asociaciones de mujeres que prestan servicio en el área doméstica. Por ejemplo, consideran que separar el trabajo doméstico y el cuidado es importante porque muchas de las mujeres que trabajan como internas hacen los dos tipos de tarea.

«También urge que se cumplan las horas de descanso y que las trabajadoras tengan el derecho al finiquito, porque muchas mujeres se contagian del coronavirus y pierden el trabajo». A pesar de la pandemia, se está expulsando a migrantes y se están haciendo controles mucho más frecuentes, «adrede».

La trabajadora de SOS Racismo añade que hay retrasos a la hora de regularizar ya que las oficinas estuvieron cerradas al público hasta hace muy poco. «A veces, para cuando sale la resolución, la persona a la que cuidaba ya ha fallecido». En su opinión, es muy importante «crear redes y tener un discurso unificado». M.I.