GARA
BILBO

Egiturarik ez, esne gordinari ezarritako analisia egiteko

Esne gordina merkaturatzeko beste analisi bat ezarri die abeltzainei Gobernu espainolak. Dakartzan gainkostuez gain, Euskal Herri osoan horretarako laborategi homologaturik ez dagoela esan du EHNEk.

Gobernu espainolak esne gordinaren komertzializazioan zuzenean eragiten duen dekretua onartu du. «Oinak lurrean ez dituen beste» arau bat dela dio EHNE sindikatuak eta dekretu hori moldatzeko exijitu du.

Azaldu duenez, esne gordina komertzializatzen duten abeltzainek esneari egiten dizkioten analisiez gain, «beste hainbat» egin behar dizkiotela zehazten du dekretuak. Bere hitzetan, «arazoa ez da analisia bai edo ez», baizik eta eskatutakoak egiteko «laborategi homologaturik ez» dagoela Euskal Herri osoan. Hau da, «analisi horiek egiteko baldintzarik ezin dugu bete, ez dagoelako betetzeko egiturarik, ezta modurik ere», salatu zuen.

Gainera, baldintza berri horrek hileroko gastuak handituko ditu. Gipuzkoako EHNEk egindako kalkuluen arabera, esne gordinari egin beharreko analisi berri horiek egiteak 400 euro gehiago ordaintzea dakar berarekin. «Gehiegikeria handia da, eta, gainera, betetzeko inolako aukerarik ematen ez diguna», nabarmendu zuen sindikatuak bidalitako oharrean.

Sektorearen errealitatetik urrun hartzen diren erabakiak direla adierazi zuen, sektorea arriskuan jartzen dutenak, gainera. «Kaltetuak bi katebegi ahulenak gara beti: baserritarrak eta kontsumitzaileak».

Azaldu zuenez, «Euskal Herrian tradizionalki ardi esnearekin mamia egiten da. Kontsumitzaileek badakite mamia nola egin, esnea nola egosi, eta etiketan bertan ere horrela zehazten dugu. Ez du inolako osasun arazorik eragin urte, hamarkada eta mendeetan».

Argudio horiek kontuan hartuta dekretua molda dezala eskatu dio Ministerioari EHNE sindikatuak.