Argentinatik Euskal Herrira bidean da «Bizi gira... kutxa bira» ekimena
«Euskaraz bizi nahi duen herri libre bat» aldarrikatzen duen kutxa gaur jarriko da martxan Argentinako Viedma-Patagones eskualdean eta Euskal Herrirako bidea hartuko du. Apirilaren 8an lur hartuko du kutxak Baionako Etxepare lizeoan eta, 72 egunez 71 herritatik pasa ostean, Seguran izango da maiatzaren 30ean.

Urruña eta Segurako herritarren artean sortutako Iparra-Hegoa elkarteak iaz ezin izan zuen duela 26 urtetik egiten duen urteroko ekimen bateratua gauzatu, covid-19ak eragindako osasun krisiak bete-betean harrapatu baitzituen. Ordea, garai hobeen zain egon beharrean euskal diaspora eta Euskal Herria batuko zituen ekimen bat abiaraztea erabaki zuten, eta sormen gaitasun horren emaitza izan da “Bizi gira... kutxa bira” egitasmoa.
Pasa den otsailaren 16an aurkeztu zuten ekimena Iruñean eta ordutik «euskara, Euskal Herria eta euskal kultura ardatz» dituen egitasmoa pixkanaka forma hartzen joan da. Lehenik bideo bat helarazi zuten Argentinatik, eta jarraian ekimena osatzeko ekintzak bata bestearen atzetik etorri ziren.
Parte hartze zabala eta babesa
Urrats bakoitza goxotasunez baina sendo eman dute ekimenaren antolatzaileek zein parte hartzaileek. Detailez josi dute egitaraua eta horrek xarma berezia eman dio egitasmoari, parte hartzaileetako bakoitza aktibo bilakatu baita.
Amets Arzallus bertsolariak idatzitako mezua gordetzen duen kutxa abian jartzeko data gerturatu ahala, datu berriak aurkeztu eta ekimenari forma ematen dioten osagaien nondik norakoak argitaratu dira sare sozialetan zabaldutako bideo laburren bidez. Esaterako, Amets Arzallus bertsolariak bideo batean eman zuen aditzera kutxak daraman mezua, “Hitza da gure lurra” izenburua duena.
Imuntzo eta Beloki trikitilariek martxoaren 8an aurkeztu zuten abestia laguntzeko ere bideo bat kaleratu zen. Urruñako Xano estudioan grabatu zuten abestiaren errepikak honela dio: «Orroz jorra urrez urra, elea erein ta landa, hitza bada gure lurra, adar oro erroan da». Eneko Bachiler eta Nagore Zaldua donostiarrek, berriz, kutxa nola egin zuten eta zer-nolako berezitasunak dituen azaldu zuten.
Kutxa martxoaren 1ean iritsi zen poltsa berezi batean Argentinara. Hain zuzen ere, orduan helmuga zen Viedma-Patagones da gaurko abiapuntua.
Argentinako Patagonia eskualdeko gobernuaren babesa ere jaso du ekimenak eta zenbait baliabide eskaini dizkie antolatzaileei, grabaketa egiteko drone bat eta itsasontzi bat kasu. Rio Negro probintziako herriaren defendatzaileak, Adriana Santagatik, Arzallusen mezuari iruzkin interesgarria ere egin zion: «Euskal Herriak bere dantzak, errezetategiak, bere janarien usainak eta lanaren kultura ereiten ditu, eta haziak balira bezala barreiatzen ditu, fruituak jasotzen ditu eta oparotasunez elkarbanatzen ditu».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
