Arnasa
Kazetari ofizioak zerbait badu, pertsona eta istorio harrigarri eta hunkigarriak ezagutzeko aukera da, nire ustez. Atzera begira jarri eta bestela inoiz ezagutuko ez nituzkeen pertsona ugariren espresio eta hitzak gogoratzen ditut. Ezagutu gabe ia etxekotutako jendeaz ere akordatzen naiz; horietako bat izan zen Eluana Englaro. Azken egunetan, eutanasia gora eta behera, sarri oroitu naiz berarekin. Urteak pasatu dira eta bere kasua, akaso, askok ez dute gogoratuko, baina 2009ko otsailean mundu osoko egunkarietako lehen orrialdeetan agertu zen. 1992an izandako istripu baten ondotik, egoera begetatiboan geratu zen emakumea. Etxekoek hartu zuten haren duintasunaren aldeko borroka beren gain eta urteetan hiltzeko eskubidea zuela aldarrikatu zuten; besteak beste, emakumeak esana zuelako inoiz halako egoera batean gertatuz gero, ez zuela bizitzen jarraitu nahi.
Epaitegietan borroka luzea egin ostean, elikatzeari utzi zioten eta berriz ere borroka eta burrunba hasi zen. Bizitza, borondatea, eskubidea... hitz horiek baliatu zituzten agintari zenbaitek eta Elizaren ordezkariek, baina han ez zen ez bizitzarik, ez borondaterik, ezta eskubiderik ere. Alderdi politikoak borrokan eta berriz ere elikatzen jarrai zezaten ahaleginean ari zirela utzi zion Englarok arnasa hartzeari, eta orduan ingurukoek lasai hartzeko okasioa izan zuten; eta gogotik negar egin zuten, baina emozioz, minak sortutako malkoak aspaldian agortuak zituztelako. Besteek bizitza ikusten zuten tokian eurek kalbarioa baino ez zuten ikusten, izan ere. Eta etxekoekin batera Englaroren historia beren egin zuten askok ere ospatu zuten heriotza edo, dena delakoa, arnas hartze hutsak ez duelako agian bizitza bezain izen potolorik merezi.
Englaroren aurretik, noski, izan ziren beste batzuk, eta ondoren ere etorri dira, baita gertuago ere eta hor dugu Maribel Tellaetxeren kasua. Oihartzun handiagoa izan dute kasu batzuek eta isilean, ahopeka ia, bizi izan dira beste zigor asko, bizitza ere bilaka daitekeelako gaztigu, kasu batzuetan hil nahi ez duenari heriotza ezartzea bezainbestekoa.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
