GARA
ESKUBALOIA

Bera Berak Kopako joaneko partida jokatuko du Morvedreren etxean

Nor bere selekzioarekin ibili ondoren Super Amara Bera Berako jokalari guztiak bueltan direla, egutegian agertzen ez zen Kopako kanporaketa dute gaur jokoan donostiarrek. Rocasak Bera Berarekin antolatzaile papera trukatu du, Gipuzkoak amaierako fasean zaleak bermatzeko aukerarik ez zuelako. Ondorioz, 20.00etan, Morvedrek eta Bera Berak Telderako txartela ateratzeko joaneko partida jokatuko dute. Itzulerakoa, berriz, Bidebietan jokatuko da martxoaren 31n (19.00etan).

Bera Berak Kopako amaierako fasean 30. aldiz jarraian parte hartzea du helburu; horretarako, Morvedre gainditu behar du, Saguntoko Rene Marigil kiroldegian, eta itzulerakoan, Bidebietan. Imanol Alvarez entrenatzaileak hau adierazi du gaur Saguntora autobusez abiatu aurretik: «Elx Ligan gainditu ostean, gogotsu aurkituko dugu Kopako fase finalean egon nahi dutelako. Entrenatzailea aldatu dute –Vicent Sos Montse Pucheren ordez jarri zuten– eta ez dakit zer nolako aldaketak egingo dituzten».