GARA
DONOSTIA

Kollontaik 1923an idatzitako liburua euskaratu du Uhartek

Erein eta Igela argitaletxeek Aleksandra Kollontairen «Erle langileen amodioak» liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztu dute. XIX. mendearen amaieratik 1923ra arte Errusian izandako gertakari nagusiak kontatzen direla liburuan azaldu du Aroa Uharte itzultzaileak.

Erein eta Igela argitaletxeek Aleksandra Kollontairen “Erle langileen amodioak” liburuaren itzulpena argitaratu dute, Aroa Uhartek euskarara ekarrita. Bertan, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehenengo bi hamarkadetako Errusiako historiako gertakari nagusiak kontatzen dira, pertsonen bizipenei garrantzia emanez.

Aleksandra Mikhailovna Kollontai (San Petersburgo, 1872 – Mosku, 1952) errusiar iraultzaile eta politikaria, teorialari feminista eta idazlea izan zen. Marxismoaren barruko ikuspegi feminista lantzen lehenetarikoa izan zen, eta saiakera-lan oparoa utzi zuen idatzita emakumeen hainbat problematika espezifikoren inguruan.

Orain euskarara ekarritako “Erle langileen amodioak” lana 1923an eman zuen argitara Kollontaik, eta hiru kontakizun biltzen ditu. Errusiako historiako gertakari nagusiak jasotzen dira, pertsona xumeen barrenetik eta emakumeen ikuspegitik kontatuak: XIX. mendearen amaierako bortizkeria, 1905eko iraultza, Lehen Mundu Gerra, 1917ko iraultzak, Gerra Zibila, NEP politika ekonomikoa...

Pertsonen bizipenak

Aroa Uhartek atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez, protagonismoa gertakariei eman ordez pertsonen bizipenei ematen zaie Kollontairen lanean. «Kollontairen fokua egun ditugun ezinegon eta kezka batzuekin hari fin baten bidez lotzen da, pertsonala politikoa dela aldarrikatzen ari baita etengabe», azaldu zuen.

«Gertakari historiko nagusiez gain, bizitza ekonomiko, politiko eta sozialaren koadro jakin bat ere osa dezakegu, narrazio hauetan islatzen baitira garaiko klase sozialak eta haien arteko borrokak, lan gatazkak, familia ereduaren aldaketa, lan erreproduktiboen kolektibizazioa, ildo politikoen arteko harremanak, burokratizazioa, klandestinitatea, langabezia, gosea, lehengai falta eta ezkutuko merkatua... Baina protagonistak amodio kontuak dira. Bere garaiak moldekatutako amodio istorioak», argitzen du liburuaren sinopsiak.

Euskarazko itzulpenaren egileak azaldu zuenez, liburuak estilo sinplea eta hizkera ez hanpatua ditu. «Ahozkotasunaren karga handia» narrazioaren beste ezaugarri bat dela nabarmendu zuen Uhartek, eta hori aditz-denboren etengabeko jauziekin markatzen dela.

Liburuan diskurtsorik ez dagoela azaldu zuen Uhartek. Izan ere, itzultzailearen arabera, pertsonaien eta ekintzen bitartez adierazten dira ideiak eta planteatzen dira galderak. «Pertsonaiek beren bizitza eta garapen propioa dute, ez dira karikatura itxiak», zehaztu zuen.

«Lan handia»

Uhartek liburua itzultzea «lan handia» izan dela azpimarratu zuen: «Belarri bat errusieran, eta horrekin lotutako doinu, adierazpide, irakurgai, jende, bizipen, zapore, historiatan... izanik, eta, bestea, nire hizkuntzaren musikan, oreka bilatzen aritu beharra izan dut. Doinu arrotz bat euskal irakurleen belarrira gozoa izaten saiatu naiz. Itzulpena hori baldin bada beti, literaturak horrekin jostatzeko eta gozatzeko aukera ematen du», azaldu zuen. Uhartek azaldu zuenez, berak bakarrik egin duen lehenbiziko literatura-itzulpena izan da.

“Erle langileen amodioak” lana EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak sustatutako Literatura Unibertsala bildumara gehitu da. Duela hiru hamarkada jarri zen martxan egitasmo hori, eta bertan munduan ezagunak diren 175 liburu baino gehiago daude euskaratuta jada.

Uhartek eskerrak eman zizkien egitasmo hori posible egiten duten guztiei, baita «euskarara itzuli eta euskaraz idazteko eskura dauzkagun hizkuntza-baliabide guztiak egiten inurri-lanean diharduen jende horri guztiari ere».

Aleksandra Kollontai figura «izugarri interesangarria» dela nabarmendu zuen Uhartek liburuaren aurkezpenean, «bai pertsonaia historiko gisa, bai emakumeen askapenaren borrokaren protagonista gisa».