A.A.
ARRAUNA

Deustu eta Santurtzi izan dira garaile Euskadiko Batel Txapelketan

Maila nagusiari dagokionez, Deustu emakumezkoetan eta Santurtzi gizonezkoetan izan ziren atzo garaileak Euskadiko Batel Txapelketan. Finalak atzo eguerdian jokatu ziren Legution eguraldi apartarekin eta bizkaitarrak izan ziren nagusi.

Deustuk hasieratik amaierara agindu zuen nesken finalean, 9:43.80ko denbora egin eta San Juani, bigarren sailkatuari, 12 segundo aterata. Brontzezko domina Kaiarribarentzat izan zen.

Gizonezkoetan, Santurtzik, Zierbenak eta Bermeok lehia benetan estua izan zuten. Moreak beti aurretik ibili arren, aurreneko ziabogan tartea segundo bakarrekoa zen Zierbenarekiko, bigarrenean ere bai, hirugarrenean hiru segundora igo zen, eta amaieran 1,57koa besterik ez zen izan Zierbenarekiko eta 4,66koa Bermeorekiko. Laugarren Kaiarriba sartu zen.

Gazte mailei dagokienez, jubenil nesketan garailea Kaiku izan zen Orio eta Deusturen aurretik; kadeteetan San Juan Isuntza eta Tolosaren aurretik; eta infantiletan ere San Juan Zumaia eta Hernaniren aurretik. Jubenil mutiletan Orio izan zen azkarrena Zumaia eta Santurtzi menderatuz; kadeteetan Orio Deustu eta Zierbenaren aurretik; eta infantiletan Tolosa nagusitu zen, Orio eta Isuntzako batelak atzean utzita.