Zahar-etxeen ereduari buruzko gogoeta abiarazi du Lakuak
Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak adinekoen egoitzen ereduari buruzko hausnarketa-prozesu bat abiarazi duela jakinarazi zuen atzo. Hurrengo hilabeteetan batzen hasiko den hamahiru pertsonaz osatutako aditu taldeak zuzenduko du prozesua. Adinduak «aholkulari eta agente aktibo gisa» hartuko dituen eredu «humanistagoa» eratu daitekeela adierazi zuen Beatriz Artolazabal sailburuak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adinekoentzako egoitzen ereduari buruzko hausnarketa parte-hartzailea abiatu du Lakuako Gobernuak, «sistema indibidualizatu eta humanistago baterantz aurrera egin ahal izateko».
Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu zuen atzo prozesua, eta «egungo eredua berrikusteko edo ez berrikusteko» balioko duela nabarmendu zuen.
Artolazabalek azaldu zuenez, adinekoen profila aldatzen ari da azken urteetan, eta ziurtatu zuen etxean bizitzea dela aukera gogokoena, eta, hori ezinezkoa denean, bizileku-ezaugarriak dituen bizitoki batean, «non pertsona bakartzat hartuko baitituzte eta haien ahalmenen arabera tratatuko baitituzte, non familiaren partaidetzarako bide emango baita, profesional kualifikatuak izango baitituzte, adinarekin diseinu lagunkoia baitute, haien autonomia eta independentziari lagunduko baitiote eta erkidegoarentzako jarduera irekiak baitituzte».
Era berean, eskaera horiek asetzeko adinekoak «aholkulari eta agente aktibo gisa» hartuko dituen eredu «humanistagoa» egin daitekeela azpimarratu zuen sailburuak.
Hala ere, adierazi zuen gaur egun egoitza-ereduaren esparru teorikoa «pertsonan oinarritzen den arreta integralerako eredura bideratzen» dela; «hark hobekuntzak bilatzen ditu pertsonaren bizi-kalitatearen eta ongizatearen eremu guztietan eta, horretarako, haren duintasunerako eta eskubideekiko, interesekiko eta lehentasunekiko erabateko errespetua du oinarrian eta haren parte-hartze eraginkorra aintzat hartzen du».
Aditu-taldea
Lakuako Gobernuak martxan jarritako prozesua 13 adituk osatutako talde batek zuzenduko du. Besteak beste, Brigida Argote erizain gerontologo eta antropologoa, Mayte Sancho psikologo eta plangintza gerontologikoko aditu eta ikertzailea eta Alberto Melendez zainketa aringarrietako medikua eta Arinduz-eko presidentea daude taldean, baita Raquel San Sebastian Adinberriko zuzendari nagusia eta Jorge Morales Urgatzi taldeko zuzendari nagusia ere. Datozen hilotan zenbait aldiz batuko dira.
Argotek atzoko prentsaurrekoan gogorarazi zuenez, egoitzen eredua ikuspegi «paternalista» batetik dator, «erabakiak hartzeak erabiltzailearekin zerikusirik ez zuen ikuspegi batetik». Bere ustez, eredu horrek proiekzio etxekoiago eta etikoago baterantz jo behar du.
Artolazabalek azaldu zuenez, aditu-talde horrez gain, tartean diren kolektibo guztiek espazioak izango dituzte beren ideia, proposamen eta argudioak aurkezteko: foru aldundiak, egoitzetako adineko erabiltzaileak, horien familiak, adinekoen beste kolektibo batzuk, egoitzetan lan egiten dutenak, sindikatuak, patronalak...

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
