Karakorumen eta Alpeetan lehen jaitsierak lortu dituzte
Andrzej Bargiel poloniarra, Yawash Sar II mendian, eta Denis Trento italiarra, Mont Blanc-eko Brouillarden, protagonista izan dira.
Gehienak beren ingurumarian, eta “pribilegiatu” batzuk atzerrian, mendiko eskiko jarduera interesgarriak egiten izan dira. Bi protagonista aipatuko ditugu lerrootan: Andrzej Bargiel poloniarra eta Denis Trento italiarra. Bargiel Karakorum mendilerroan dago, eta dituen xedeetako bat burutzeko aukera izan du dagoeneko: Yawash Sar II (6.178 m). Trentok, berriz, etxeko mendietan jardun du; hain zuzen ere, Mont Blanceko mendilerroan dagoen Brouillarden (3.985 m). Bada, mendi horretan Quid Pluris izeneko kanala eskiekin jaitsi du. Biak ala biak lehen jaitsierak izan dira.
Alpinista eta eskiatzaile poloniarrarekin hasiko dugu kronika. Nahiz eta alpinismoa egiteko garairik egokiena (bederen, ohikoena) ez den, Bargiel Asiako mendilerro horretara joan da hainbat lehen jaitsiera sinatu ahal izateko. Esploratzera, alegia. Eta lehen lorpena Yawash Sar II mendian erdietsi du. Gainera, Hunza eskualdean dagoen seimilako hori igo gabe zegoen.
Eskiatzaileak berak kontatu duenez, mendiaren igoera egunean egin zuen. Hala ere, Shimshal izeneko haranera heltzea izan zen espedizioaren eiterik nahasiena. Antza denez, autoz hainbat egun behar izan zituen.
Haran horretan autoa utzi eta, lau eguneko hurbilketa ibilbidea egin eta gero, kanpaleku nagusira iritsi zen: «5.000 metroko garaierara zegoen lepo bat zeharkatu behar izan genuen. Aitortu behar dut seimilako horretara iristeko denbora asko hartu behar dela».
Joan den apirilaren 29an, berriz, haranetik hamar kilometrora dagoen seimilako horretara abiatu zen. Kanpaleku nagusi aurreratuan (5.100 m) igaro zuen gaua, eta biharamunean, goizeko lauretan, zapaldu gabe zegoen Yawash Sar II-ra abiatu zen. Goizeko hamaiketan gailurra erdietsi, atseden pixka bat hartu eta jaitsierari ekin zion. Denera, bi orduko jaitsiera izan zen; hots, oso azkarra: «Onartu behar dut soilik tontorretik gertu soka atera eta rappela egin nuela. Hortik aurrera den-dena primeran atera zen. Pena handia hartu dut nire kide Jedrek Baranowskik ezin izan duelako gailurra lortu. Bide erdian geratu zen, eta nik bakarrik jarraitu nuen. Jaitsieran, berriz, Jedrekekin topo egin nuen, eta geratzen zitzaigun sekzioa elkarrekin egin genuen. Baldintza egokienak izateko oso goiz irten ginen. Geure asmoa jaitsiera hori goiz egitea zen, eta nik, behintzat, helburu hori erdietsi nuen. Ohartu ginen arratsaldero eguzkiak aldatsak asko berotzen zituela eta horren ondorioz elur-jausiak izateko arriskua oso handia zela. Hitz gutxitan esanda, jaitsi dudan hormak asko eskatzen du, bereziki gailurretik gertu dagoen konoak. Behin tarte hori gaindituta, jaitsiera oso atsegina da».
Eskarmentu handia
Bien bitartean, apirilaren 24an, Trentok Mont Blanceko mendilerroan dagoen Brouillardeko Quid Pluris korridorearen lehen jaitsiera sinatu zuen. Mendiko eskiko lehietan izen handia izan duen italiar honek aurreko asteetan pare bat ekinaldi egin zituen, baina ez batean ez bestean ez zuen helburua lortu. Hirugarrenean, berriz, bai. Gainera, aitortu behar zaio jarduera hori erabat biribildu duela; izan ere, 1.400 metrora dagoen Entreves-eko aparkalekutik irten zen.
Aipatu dugu Trento lehietan goi mailako espezialista izan dela; hitzordu garrantzitsu nagusi asko irabazi ditu. Baina bere ibilbidean beste urrats bat egin du, eta mendiko eskiko jardueretan bikain moldatzen dela erakutsi digu. Behin baino gehiagotan, gainera.
Azken jaitsiera Brouillardeko kanal horretan egin du: «Eskia eta alpinismoa uztartzen hasi nintzenetik makina bat jaitsiera egin ditut, eta horiek guztiek eskarmentu sendoa eman didate azken hau egin ahal izateko. Onartu behar dut ekinaldi asko egin ditudala ere; hau da, hasi, bai, baina helburua bete gabe etxera esku hutsik itzuli naiz. Eta saio horietatik guztietatik ere asko ikasi dut. Konturatu orduko, neure burua Brouillarden ikusi nuen. Zaila egiten zitzaidan irudikatzea nortasun handiko aldats tente horiek jaisten. Zaila iruditzen zitzaidan ia 4.000 metroko garaierara dagoen mendiaren korridore hori jaistea ere. Eta hori diot Mont Blanceko mendilerroan dagoen sekzio zailenetariko batean dagoelako. Baina erabakia hartuta nuen; besteak beste, jaitsiera hori oso agerikoa, tentea eta dotorea delako».
Trentok kontatu duenez, jarduera hau egiteko gauez atera zen. Val Veny zeharkatu, 2.000 metroko desnibela gainditu eta kanalaren sarreran kokatu zen. Jakina, argi eta garbi zuen korridore hori eskalatu behar zuela, besteak beste, baldintzak aztertzeko. Gailurrean zegoela, oso seguru zegoen egun arrakastatsua izango zela: «Lehenik eta behin, aipatu behar dut hurbilketa bidea ez dela batere erosoa. Luzea bezain nahasia da. Ingurumari horretan ibiltzeko, alpinismoa ondo baino hobeto ezagutu behar da. Brouillardeko glaziarrean, adibidez, baldintza egokiak aurkitzea oso zaila da. Ekialdeko isurialdean zaude, eta, izaera horretako aktibitate bat egiteko, udaberriko baldintzak perfektuak izan behar dira. Jakina, Quid Pluris bezalako korridore bat eskiekin jaitsi ahal izateko».
Eskiatzaile italiarrak azaldu du tentu handiz jardun zuela, baina jaitsiera ia osoan ez zuela buruhausterik izan: «Ibilbide ohikoenenatik kanpo eskiatu dut, eta, zalantzarik gabe, azken urteotan lortu dudan eskarmentuak erabat lagundu dit. Azken urteotan asko ikasi badut ere, une jakin batzuetan konturatzen naiz arlo honetan ezer gutxi dakidala. Sentsazio berezi hori beti izaten dut. Eskarmetuaz gain, irudimen handia behar da. Jakin behar da aldez aurretik jaitsiera bat irudikatzen eta interpretatzen. Neguko baldintzak gogorrak dira oso, eta eraginkortasunak berebiziko garrantzia du. Desnibelaren, abiaduraren, ordutegien... kudeaketa zuzen bat egitea ez da batere erraza izaten. Eta eite horiek guztiak hein handi batean menderatzeko lan eskerga egin behar da. Nire etxetik gertu dagoen korridore hori jaisteak asko bete nau».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
