GARA

Hamabi urte bitartekoek musukoa erabili beharrik ez izatea eskatu dute

Haurrak Ere Bai Familien Sareak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Kontxa hondartzan, “Haurrak SOS” lemapean. Osasun krisialdiaren aurrean hartutako erabakiekin kezkaturik, haur eta nerabeen egoeraren inguruko ohartarazpen bat egin nahi izan zuten parte-hartzaileek ekimen honekin, gogoraraziz, besteak beste, gaztetxoenek pairatu zutela «konfinamendu zurrunena»; «superkutsakor eta arriskutsu gisa estigmatizatuak izan ziren eta inoizko eszenatoki latzena bizi izan dute egunero, hainbat orduz, eskola askok eta askok hartu duten itxura militarra dela eta».

Plazaratu zuten oharrean honakoa adierazi zuten: «Gure haurren osasunak kezkatzen gaitu, eta horregatik, hartzen diren neurriak orekatuak izan behar direla uste dugu. Argi dugu haurrak eskubide osoko herritarrak direla, subjektu politiko aktiboak. Beharrizan konkretuak dituzte, haien garapen optimorako zaindu behar ditugunak, eta hemen berdintasuna eta ekitatea kontzeptuak desberdindu behar genituzke. Ezin dizkiegu helduoi ezarri zaizkigun neurriak haurrei modu berean ezarri».

Dagokion prozedura administratiboa erabilita, ikasturtea antolatzeko proposamena azaltzen duten agiriak aurkeztu dituzte Lakuan eta Nafarroako Gobernuan, baina ez dute inolako erantzunik jaso.

Zer proposatzen dute, zehazki, ordea? Alde batetik, hamabi urte arteko haurrek musukoa behartuta erabili beharrik ez izatea, ondorengoa argudiatuz: «Zenbait ikerketak diotenez, Bartzelonako Vall d'Hebroneko ospitalekoak adibidez, 2020ko azaroaren 27an publikatua, edota 2020ko irailaren 28an EITBn bertan Osakidetzako eta Osasunbideko pediatrek esan zutenez, haurren kutsakortasuna oso baxua dela egiaztatu da eta gaixotasuna sintomatologia arinekin pasatzen dutela baieztatzen dute».

Bestalde, gaur egungo eskola protokoloa ken dezatela eta hartu beharreko neurriek haurren osasuna modu integralean zaindu dezatela eskatu zuen Haurrak Ere Baik.