Maite UBIRIA BEAUMONT
NEKAZARITZA POLITIKA BATERATU

LABORANTZA IKUSARAZI DUTELURRAREN FRUITUAK ESKUETAN

EUROPAR BATASUNEKO NEKAZARITZA POLITIKA BATERATUAREN ERREFORMARI BEGIRA FRANTZIAR GOBERNUAK ONARTU DITUEN NORABIDEEK ZALANTZAN EMATEN DUTE «ELIKAGAI OSASUNTSUAK» EKOIZTEN DITUZTEN IPAR EUSKAL HERRIKO ETXALDEEN GEROA. HORI SALATZEKO EKIMENA EGIN ZUTEN, ATZO, LABORARIEN ETA EKOIZLEEN ELKARTEEK, BAIONAN.

Europar Batasuneko NPB Nekazaritza Politika Bateratua (PAC, frantsesezko sigletan) erreformatzeari begira frantziar Nekazaritza Ministerioak finkatu dituen irizpideek «lanjer larrian» jartzen dituzte euskal etxaldeak. Hori salatu zuten, atzo, Biharko Lurraren Elkarteak (BLE), ELB sindikatuak eta Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteak (Idoki) Baionan antolaturiko ekimenean.

Ondoko urtean izanen diren negoziazioetan eragiteko, udatik bueltan mobilizazioak azkartu beharko direla nabarmendu zuten, ehun bat lagunek babestu zuten lehendabiziko protesta horretan.

Suprefeturaren aurrean egin zuten jende bilkura, erakunde horretan hitzordua hartua baitzuten laborari eta ekoizleen ordezkariek, hain zuzen, Philippe Le Moing-Surzur suprefetari arrangura azaltzeko 2023. urtean gauzatuko den NPB berriaren inguruan Parisek iragarritako hainbat asmoren gainean.

Frantziar Estatuak babesten duen laborantza politikaren erruz «laborarien kopurua etengabe apaltzen den bitartean, etxaldeak gero eta handiagoak bilakatu» direla azpimarratu zuten ekitaldian. Bide batez, laborantza biologikoa lantzen duten laborariak beren diru-sarreretatik hiru herenak galtzeko arriskuan direla salatu zuten. Hartara, gero eta maizago agertzen diren kabalen eritasunek –hegazti gripea aipatu zuten– «laborantza industrialaren mugak» erakusten dituztela adierazi zuten.

Suprefeturaren hesian “PAC laguntza xuxenak” lemarekin pankarta jarri zuten, laborarien %30ek europar dirulaguntzen %70 pilatzen dutela salatzeko. Era berean, etxaldeetan ekoitziriko mozkinez beteriko kaxak utzi zituzten espaloi gainean, jendaurrean. Elkarretaratzean parte hartu zutenen artean, besteak beste, EH Bai, Berdeak eta Generatio-n-s alderdietako ordezkariak ziren, baita LAB sindikatuko kideak ere.

Mozkinak banatu eta jaso

Ekimena antolatu zuten hiru erakundeetako ordezkariek hitza hartu baino lehen banatu zituzten lurrean utzitako mozkinak jendearen artean. Hasieran herabeki, batzuek finean gustura hartu zituzten letxuga freskoak. Beste batzuei arrotzago egin zitzaien artaburuak eskuetan hartzea. Alta, ezustea ekimenaren amaiera aldean gertatu zen, antolatzaileetako batek bozgorailutik barazkiak itzuli behar zituztela iragarri zienean: «Julien Denormandie Laborantza ministroak ez du nahi guk kalitate oneko mozkinak produzitzea zuendako; horregatik mozkinak bistan ezarriko ditugu berriz suprefeturaren aitzinean».

Hala, herritarrek musu-truk eskuratutako barazkiak prezio berean itzuli zituzten. Suprefetura babesten duen hesira hurbildu ziren, banan-banan, eta txukun atondu zituzten. Agintariek aintzat har ditzaten laborarien lanaren fruituak, eta herritarrok baloratu ditzagun.