GARA
BILBO

Migrazio politikak eraldatzeko protesta, emakumeak eta LGTB kolektiboa gogoan

Emakumeek eta LGTBQI+ kolektiboko kideek migrazio prozesuan eta politika migratzaileen ondorioz jasaten dituzten indarkeria egoerak salatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Bilbon. Gogoratu zutenez, gainera, migratzera bultzatzen dituzten arrazoien atzean ere indarkeria egoera horiek izaten dira maiz.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak bultzatuta, ekitaldiak kolektibo feminista eta pertsona migratzaileen eskubideen defentsan aritzen diren taldeen babesa izan zuen, helburu berarekin Nizan deitutako Europako jardunaldi feministarekin bat eginez. Nizan bezala, mezudun kometak izan ziren mobilizazioaren ikurra Bilbon ere. Irakurri zuten manifestuan, «Europak mugak itxi eta migrazioa kriminalizatzen duten politikak indartu» dituela salatu zuten, eta politikok emakumeengan duten «eragin berezia» azaldu zuten.

Emakumeen eta LGTBQI+ kolektiboko kideen kasuan, ihes egitera behartzen dituzten «zapalkuntza espezifikoak» gogoratu zituzten, indarkeria matxista, lege diskriminatzaileak, behartutako prostituzioa, ezkontza behartuak, genitalen mutilazioa eta gizakien salerosketa besteak beste. Migrazio ibilbidean «indarkeriaren eta esplotazioaren eraginpean» jarraitzen dutela azaldu zuten, eta, asiloa eskatzen duten herrietan babeserako eskubidea badute ere, dituzten «behar espezifikoak» ez direla kontuan hartzen.

«Asilo prozesuek ez dituzte genero indarkeriaren biktimak eta salerosketaren biktimak identifikatzen, ostatu instalazioak desegokiak dira eta laguntza neurriak falta dira», nabarmendu zuten. Horregatik, Nizako mobilizazioan abiatutako ekimenarekin bat eginda, asilo arrazoiak aitortzea eskatzen duen sinadura bilketa egin zuten, eskaera Europako Batzordera eta Schengen eremuko gobernuetara helarazteko.