J.S.
ANDOAIN
Entrevista
ANA JANDULA KALEGAIN
KEINU BORDATUAK (ANDOAIN)

«Musukoei esker egoerari buelta ematea lortu dugu»

Andoaingo Keinu bordatuen denda ezaguna da bertan prestatzen dituzten txapela eta euskal jantziengatik. Beren lanak Gipuzkoako eta Nafarroako herri askotara iristen dira, baita Madrilera ere. Pandemiaren eraginez txapelketarik ez da izan eta, noski, txapeldunik ere ez. Baina maskarei esker lortu dute egoerari buelta ematea. Eguberrietan pentsatzen ari dira jada.

Noiz eta nola hasi zineten bordatuak egiten?

Orain dela zazpi urte hasi ginen. Bordatzeko makinak genituen eta hasieran kirol arloko ekipamendua egiten genuen: futbola, golfa… Baita jaioberrientzako mantak ere. Arropa ere saltzen genuen, baina utzi egin genuen, gehiago gustatzen zitzaidalako euskal jantziekin eta txapelekin lan egitea, eta gure jarduera horretara bideratu genuen.

Zein da, zehazki, egiten duzuen lana?

Guk euskal jantziak saltzen ditugu, eta aukera daukagu jantzi horiek gure bordatuekin apaindu eta nolabait pertsonalizatzeko. Adibidez, lauburuak edo eguzki-loreak jartzen ditugu nesken gonetan eta mutilen blusa edo gerrikoetan. Laneko arropa ere bordatzen dugu, eta, horrekin batera, oso ondo lan egiten dugu ezkontzetako txapelekin.

Ezkontzetako txapelak diozu?

Bai, ezkontzetan jende askok oparitzen ditu ezkonberrien aurpegia bordatuta daramaten txapela eta zapia, aurreskua dantzatu ondoren emateko. Bikote asko hunkituta geratzen dira. Orain arte ez da ia ezkontzarik izan, baina orain berriro mugitzen hasi dela ematen du. Urrezko ezteietarako ere egin izan ditugu.

Gainontzean, kirol arloko txapelak ere egiten dituzue, ezta?

Bai, batez ere pilota txapelketetarako, baina baita jaietan egiten diren beste hainbat lehiaketetarako ere: mus txapelketak, sukaldaritza lehiaketak… Jaietarako ere ikurrinak saltzen ditugu, danborradetako arropa...

Hala ere, herrietako jai guztiak bertan behera geratu izana nabarituko zenuten…

Bai, egia esan pixka bat larri ibili gara. Hala ere, iazko konfinamendutik atera ginenean, musukoak egiten hasi ginen, nahiz eta hasiera batean ez genuen horrekin hasteko asmorik. Baina fruta-denda batek bere langileentzako eskatu zizkigun eta, hori aprobetxatuz, erakusleihoan beste batzuk jarri nituen lauburuarekin edo ikurrinarekin. Eta jendeari gustatu egin zitzaizkion. Horri esker egoerari buelta ematea lortu dugu.

Nongoak dira zuen bezeroak?

Gipuzkoa guztira saltzen dugu. Orain, adibidez, Oñatiko mus txapelketa baterako eskatu dizkigute txapelak, baina Nafarroara ere saltzen dugu, eta, anekdota bezala, esan dezakegu urtero Madrilgo Leganes herriko pilota txapelketa batetik ere eskatzen dizkigutela.

Internet bidez saltzen duzue?

Bai, web orrialdea badugu: Txapelaketabordatuak.eus. Hori bai, batez ere gure eskaintza azaltzeko da, izan ere, gehiago saltzen dugu dendan.

Pandemiaren egoerari aurre egiteko laguntza publikorik izan al duzue?

Bai, hasieran Andoaingo Udalak herriko merkataritzari emandako laguntza jaso genuen, eta oraintxe bertan Eusko Jaurlaritzak arropa dendei eskainitako laguntza jaso dugu. Oso ondo etorri zaigu, baina izugarria da aurkeztu behar izan dugun paper pila, nire ustez gehiegizkoa izan da.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Aurten ez da jairik izango, baina gu jada Eguberrietan pentsatzen ari gara eta laster hasiko gara baserritar jantziak eskatzen. Nire ustez abenduan lan egiteko aukera izango dugu. Hori da nire esperantza behintzat.