Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Baruntseren zeruko zepotik ozta-ozta irten ziren txekiarrak

Radoslav Groh eta Marek Holecek-ek hamar egun behar izan zituzten zazpimilakoaren mendebaldeko aurpegian bide berria zabaltzekojarduera burutzeko. «Heavenly trap» marra 1.800 metro luze da, eta muturreko zailtasunak ditu: M6+, VI+, 80º (ABO).

Zaila egiten zaigu erabakitzea Radoslav Groh eta Marek Holecek txekiarrek joan den maiatzean Baruntse mendiaren (7.129 m) mendebaldeko aurpegian egin zuten jarduera hasieratik edo amaieratik kontatzen hasi. Eta hori diogu, teknikoki muturreko eskalada egiteaz gain, alpinistok, oso gutxigatik bada ere, bizirik irten zirelako. Hots, jaitsiera epikoa izan zuten. Horretaz guztiaz jabetzeko, protagonisten ondoko irudia ikusi besterik ez da egin behar.

Lehen lerroko jarduera hau testuinguruan jartzeko, hobe dugu hasieratik hastea. Lehen lerroburua honakoa da: joan den maiatzean sokada txekiarrak “Heavenly trap” bidea zabaldu zuen. 1.800 metro luze da, eta muturreko zailtasunak ditu: M6+, VI+, 80° (ABO). Onartu behar dugu zenbaki eta letra horiek ez gaituztela ezustean harrapatzen; izan ere, Holecek ohituta gauzka izaera horretako jardueretara. Goi mailako alpinista honek bitan irabazi du sona handia duen Urrezko Pioleten saria.

“Heavenly trap” proposamen berriarentzat bost eguneko eskalada behar izan zuten. Bost egun 1.800 metroko muturreko murru bat igotzeko. Eta beste bost egun jaitsiera osoa egiteko. 7.000 metroko kotan zirela, ekaitz bortitz batek harrapatu eta egun batzuk blokeatuta egon ziren. Alabaina, barealdia iritsi zenean, jaitsieraren azken egunean helikoptero batek erreskatatu zituen. Beraz, bidearen izenak metaforatik ezer gutxi du. Igoera oso-oso gogorra, jaitsiera epikoa, zorigaitza, tentsioa... Eta amaiera zoriontsua. Horregatik guztiagatik uste dugu alpinistok Baruntsen egin duten jarduera ikaragarria dela. Bi ikuspuntutik, gainera: batetik, alpinistikoki jarduera bikaina baino bikainagoa izan delako eta, bestetik, bizi izan duten muturreko egoerarengatik.

Aurreratu dugunez, Groh eta Holecekek zazpimilakoaren mendebaldeko aurpegia aukeratu zuten. Hormatzar tente horretatik soilik gailur bat erdietsi da; 1995. urtean talde errusiar batek mendebaldeko zutoinetik egin zuena.

Holecekek berak aurreratu du Baruntseren horma horrek erakargarritasun handia duela: «Duela pare bat urte ikusi nuenean erabat harrapatuta geratu nintzen. Pixka bat aztertu ondoren, ikusi nuen marra dotore eta estetiko bat zabaltzeko aukera zegoela. Baina urte horretan ez zegoen nire lehentasunen artean; izan ere, Chamlang mendiaren ipar-mendebaldeko murrua egiteko espedizioa antolatu nuen. Arrakasta lortu eta gero, Baruntseren horma hori berriro ikusi eta nire xedeen artean protagonismoa hartu zuen».

Maiatzaren 13rako, bi txekiar hauek Baruntsetik gertu kanpaleku nagusia antolatu zuten. Girora ondo egokituta zeudenez, lau eguneko leiho on bat itxaroten izan ziren. 21ean, bizkar-zakuak antolatu zituzten. Sei eguneko jarduera iragartzen zutenez, bizkar-zakuak ondo antolatu zituzten. Eta egun berean, glaziarra zeharkatu eta mendiaren oinarrian bibaka egin zuten.

Biharamunean, benetako eskalada hasi zen. Goiz irten ziren, baita segituan ohartu ere dena eman beharko zutela; izan ere, hasieratik zailtasunak oso handiak izan ziren: «Beheko sekzioan izotz gogorrarekin egin genuen topo eta, horrez gain, misto zaila gainditu behar izan genuen. Azken urteotan aurpegi hori oso lehorra egon da, eta horrek aipatu ditudan baldintzak sortu ditu. Berez, elur eta izotz plaka ugari askatu ziren. Ez dut irudikatu ere egin nahi 1995. urtean errusiarrek zabaldutako bidea inork errepikatzeko gogorik izango duenik».

Aurrez aurre izan zituzten hurrengo tarteak are zailagoak bihurtu ziren: «Eguzkiaren epeltasunarekin, gainera, arroka asko askatu zen. Hamar orduz kranpoiei astindu ederra eman ondoren, izotzean plataforma bat atondu eta sokarekin lotuta eserita igaro genuen gaua. Okertu egin ginen leku horrekin, hasieran aztertu genuen tokia baino 100 metro beherago geundelako».

Gaua hala nola pasatu eta egunsentiarekin eskalatzen jarraitu zuten. Bidearen giltzari egin behar izan zioten aurre. 250 metroko arrokazko sekzio zaila. Eguraldia okertzen hasi zitzaien, eta eskaladaren erritmoa asko mantsotu zen: «Elurte latz batek harrapatu gintuen. Eta den-dena eman eta gero, gailurreriatik 70 metrora beste bibak bat egin genuen. Zorionez, gure denda txikia altxatzeko lekua aurkitu genuen».

Maiatzaren 25a gailur eguna izan zen. Eguraldia erabat gaiztotu zen, baina ertza gainditu eta tontorra zapaldu zuten: «Berez, bide ‘normaletik’ jaitsi nahi genuen. Baina elurteak eta haizeteek eskaladaren azken metroak zaildu zituzten. Mistoko sekzioetan asko sufritu genuen. Arratsaldeko lauretan tontorrean ginen. Erabat izoztuta geunden, eta, gainera, ikuspen urria zegoen».

Jaitsiera epikoa

Denda altxatzeko erabakia hartu zutenean, gauean, urakan batek harrapatu zituen. Biharamunean, haizearen indarra ez zen batere baretu. Hori gutxi ez, eta elur fresko asko ekarri zuen. Berez, jaisten saiatu ziren, baina metro batzuk egin eta bibaka antolatu behar izan zuten.

Holecekek dio urrats bat egiteko aukerarik ez zutela izan: «Hurrengo bi egunetan eguraldi oso txarra izan genuen. Bizirautea zen lema nagusia. Otoitz egin genuen. Dendatik irten, elurra kendu eta berriro sartu. Mugimendu horiek behin baino gehiagotan egin genituen. Gainera, den-dena bustia edo izoztua zegoen».

Zorionez, maiatzaren 29an, klima pixka bat hobetu zen. Haizea baretu eta ikuspena zuten. Hala eta guztiz ere, egun luze eta gogorra zuten aurretik: «Haranera zeraman 1.000 metroko ertz bat deseskalatu genuen. Baina elur fresko asko zuen eta elur-jausien arriskua oso handia zen. Horrek guztiak erritmoa mantsotzera behartu gintuen. Glaziarrera ez ginela iritsiko oso agerikoa zen, eta, beraz, beste bibak bat egin genuen».

Maiatzaren azken-aurreko eguna eguzkitsu esnatu zen. Aukera hori aprobetxatu eta helikoptero bat eskatu zuten. Hots, erreskatatu egin zituzten: «Argi eta garbi genuen dei hori egin behar genuela. Batetik, kanpaleku nagusian ez zegoelako inor gure zain. Eta bestetik, mendiaren aldats guztietan elur-jausien arriskua muturrekoa zelako. Arratsaldeko zazpietan gure deia jaso zuten, eta helikoptero batek tranpa horretatik atera gintuen».

Hori guztia azaldu ondoren, alpinista txekiar honek azken hausnarketa bat egin nahi izan du: «Lehenik eta behin esan nahi dut bide berri hau Petr Machold eta Jakub Vanek kideei eskaintzen diegula; 2013. urtean gure marratik gertu egiten ari ziren aktibitatean zendu ziren. Bestetik, Baruntsekoa inoiz egin dudan eskalada zailena izan da. Hori oso argi dut. Bide batez, beraien pazientziarengatik, nire sokakidea eta Jainkoa eskertu nahi ditut. Haiei esker, alpinismoaren ‘bitxi’ berri hau azaldu da. Psikologikoki oso gogorra izan da, baina egin ditudan 40 espedizioek egundoko eskarmentua eman didate. Eta muturreko egoera horiek ondo kudeatzen jakin dut. Bizirik irten gara!».