Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Erdieroaleekin erdi ero!

Herrialde txikia da euskaldunona, hobeto! Gauzak eskura izateko aukera gehiago! Tira, aukerak landu behar dira, lagun askok oraindik ez dutelako euskara eskura, edo bizimodua, edo zoriona, edo arnasa, edo hatzak… Total, zazpi lur zati txiki, eusko egitasmo handi batean. Benetan, Euskal Herria oso handia balitz, lurraldetan zabal-zabala, ni neure eskualdeko subiranista izango nintzateke. Lurraldearen eskala ze inportantea den, lurraldetasunetik honago! Aspaldiko idazle hark liburu azalean idatzia gogoan: «Txikia ederra da». Berdin balio du horrek Herri-bideaz aritzeko edo hondartza nudista batean zure gorputzaz hausnartzeko, zer demontre! Bai, txikia ederra! Handiari zentzu emaile!

Tira, Murgoitio, harira! Non nengoen? A, bai! Kosterako lehen hegaluzeak heldu dira, ez borondatez baina, portura. Ondo etorriak! Bidasoaz bestaldean baxoko filosofia azterketa euskaraz egin dute, desobedientziaz. Ondo eginda! Bai, filosofia gehiago behar du gure bideak, «desobidentzia» edo, berba berriak asmatzen hasita. Eta bestalde berean departamentuko bozak egunotan, aurrerabideak ere pausoz pauso ibiltzen baitira. Zenbat eta urrunagora joan gura, orduan eta pausatuago, baina beti ibilian!

Kostaz eta ibaiez gain mendiak ere baditu hemengo lurraldeak. Hara, Pirinioetako Bidea iragarri dute euskal eta katalan burujabe-zaleek 2022rako. Ibiltzeko bidea hori ere, Sareko Izan Bidea bera den bezala. Helmugak helbideak behar ditu, prefosta! Autodeterminazioak ere bai. Ene, ene! Hemengo automozio enpresak ekoizpena eten beharrean dira, erdieroaleen hornidura faltan! Erdiaroan ez zen arazorik! Teknologiaroan denok erdi ero, omen! Amen! Eta autogobernuan auto gehiago gobernua baino, eta hau berau telegidatua, kanpoko gobernuak edo barruko patronalak eroale lana eginda. EAJ-BMW, kogobernantza halakoa!