Maider IANTZI GOIENETXE

«Udaberria sutan», belarritik sartu eta isiltasuna sortzen duten hitzak

«Gogoratzen dut/ bihar nik amestuko/ dudan bizitza». Japoniar poesia «ekonomia lezio bat» da. Hitzak belarritik sartzen dira, begien aurrean agertzen dira eta kontenplazioan desagertzen dira, isiltasuna eraginez. Munduko gauzak iheskorrak direla diote eta haikuak momentua nahi duela adierazi, une horretan datzalako edertasuna. Joxemari Iturraldek aspalditik du poema hauek idazteko ohitura eta antologia bat aurkeztu du: «Udaberria sutan».

Joxemari Iturralde Uriak (Tolosa, 1951), “Udaberria sutan, ia ehun haiku” (Pamiela) bere liburu berriena aurkezteaz gain, poesia japoniarraren mundua ere hurbildu zien atzo Donostiako Liburu Azokan egin zen ekitaldian elkartu ziren irakurleei. Igandera arte zabalik egonen den feria honetan azaldu zuenez, aspaldiko ohitura du haikuak idaztea, euskaraz zein gaztelaniaz, eta antologia edo hautaketa txiki bat da hau.

Ipuingintza, nobela, itzulpena nahiz saiakera landu dituen idazlea irakaslea ere bada eta literatura tailerrak ematen ditu kultur etxe eta liburutegietan. Horietan, haikuak idazten dituzte modu «ezin hobea» delako sarri «beldurrez edo errespetuz» begiratzen diogun poesiara gerturatzeko. Izan ere, japoniar jatorriko poema horiek «trinkoak dira, laburrak, plastikotasun eta ikusgarritasun handikoak».

Adibidez, azken hiru urteetan Oñatiko udal liburutegian ibili da Iturralde ikastaro bat ematen, jarraituko du segur aski, eta dozenaka eta dozenaka haiku idatzi ditu ikasleekin. Liburu batean kaleratuko dituzte.

Jose Angel Irigaray Pamielako editoreak erran bezala, ariketa literario interesgarria izateaz gain, ariketa mentala ere bada haikuak idaztea, osasunerako ona. Zentzu horretan, ikasle batzuek idazleari aitortu diote orain arte sudokuak egiten zituztela eta nahiago dituztela poemak. Silaba zehatz jarri, errimarik ez izatea kontuan hartu...

Naturako irudiak

«Goiz eder hura/ ohe goxoan biok/ ez dut gogoan». Horra hor “Udaberria sutan” liburuan agertzen den haiku bat. Bukaerako esaldian ezustea dator, espero duguna baita deskribatzen den une hori ahaztezina izatea. Bertze bat: «Errepidea/ suge luzea oso/ zizarea ni».

Idazle tolosarrak agertu zuenez, kontzentrazioaren eta inperfekzioaren ideiak Japoniatik datozkigu. Literatura hispanikoan, adibidez, zabaldu egiten dira deskribapenak. Alta, japoniar poesia «ekonomia lezio bat» da.

Tradizio japoniarrean oinarritzen da Iturralde: 5-7-5 silabako olerkiak dira, errimarik gabeak, eta naturaren parte garela oroitarazten diguten irudiak dituzte. Haikuek ezaugarri gehiago badituzten arren, egileak hiru horiek betetzen ditu behintzat.

«Liztorra hitza irakurtzean poema batean, japoniar irakurleak berehala ulertzen zuen udaberria esan nahi zuela. Gauza bera erlearekin. Oreina azaltzen bazen, udazkena zen. Eta, bigarren geruza batean, gurasoek seme-alabenganako duten maitasuna zen oreina». Orain, irudi horien maila ezberdinetako geruzak galtzen joan dira.

Octavio Pazen bidez

«Gerezi ederrak/ gorriak muxuak lez/ zutzat gordeta», idatzi du Iturraldek. Eta: «Hirustak hiru/ hosto ditu eta zuk/ bi bihotz zital». Nafarroako Unibertsitatean Literatura ikasten ari zelarik, Octavio Pazen berri izan zuen eta poeta mexikarraren liburuetan deskubritu zuen haikua. «1971n, Londresen uda pasatzen ari nintzela, liburutegietan miatzen hasi nintzen. 1973an soldaduskara joan nintzen, nire zoritxarrerako. Ia urte eta erdi penagarri hartan, haikuek eragin baltsamiko bat izan zuten».

Ohartarazi duenez, poema batzuek ez dute esanahi bera kultura batean eta bertzean, salto egitea ez da batere erraza eta japoniar poesia ulertzea ere ez guretzat. Bitxikeria gisa, XIX. mendean mugak itxi zituzten Japonian eta isolatuta gelditu zen. Berriro zabaldu zenean, mundu osoa ezezagun horri begira jarri zen, jakin-minez.