Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Mikatza

Aurrekoan, zerbeza batzuen bueltan, lagun batek kezka bat azaldu zigun; alegia, kosta egiten zitzaiola mikatzaren eta garratzaren esanahia bereiztea, noiz bat erabili edo noiz bestea. Limoia mikatza ala garratza den galdetzen zion bere buruari, eta guri. Orduan, euskaldun guztiok dugun filologo sen horrek bultzatuta, bakoitzak gure iritzia, ikuspegia eta etimologia guztiak plazaratu genituen. Eta geroxeago: “Beste buelta bat? Bai. Zerbezak denak? Nik erretakoa? Hori zer da, tostada? Horixe bai. Orduan txigortua izango da. Eta zertan dira desberdin txigortua eta errea kasu honetan”. Eta berriro filologo zerbezazaleak. Edo garagardolariak?

Hizkuntza guztietan gertatzen da hitzak ez direla definizio soilak. Hitz guztiek ekarriko dute beren baitan irudi bat. Nik «zerbeza» idazten edo esaten badut, gutako bakoitzak zerbeza bat irudikatuko du, botila bat, lata bat, marka bat. Edo egoera bat: zerbeza edaten egun sargoritsuan, lagunarteko bilera… Horregatik, agian, hitzaren esanahi zehatza definitzea zaila egiten zaigu askotan; are gehiago, nolabaiteko antza duten hitzen esanahia bereiztea. Zer esanik ez, beste hizkuntza batera itzuli behar baditugu. Euskaraz edo erdaraz kontatzean sumatzen dut nik. Euskaratik erdarara hitzen itzulpena jakin arren, ez dute bizitza bera nire kontalari ahoan. Ipuin bera da,, baina ez da berdina.

Hitzak ez dira hiztegi batean gordeak dauden esanahiak; gure bizitzak azaltzen dituzten doinuak dira. Batzuetan garratzak, besteetan mikatzak, eta askotan gozoak eta goxoak.